Iñaki Arregi beka sortu du Uemak
Udalerri euskaldunak garatzeko proposamen zehatzak eta bideragarriak bildu nahi dituzte. Uztailaren 24ra arte dago zabalik lehen deialdirako lanak aurkezteko epea.
Udalerri euskaldunen garapena aztertzeko, ikerketa sustatzeko, euskal soziolinguistikaren inguruko ezagutza areagotzeko eta Iñaki Arregi euskaltzalea omentzeko, honen izena duen ikerketa beka sortu du Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin, Kontseiluarekin eta UEUrekin elkarlanean.
Lehen deialdi honetan, udalerri euskaldunen garapena ikerketa esparrua hartuko dute kontuan; hau da, Uemak, Kontseiluak, Udako Euskal Unibertsitateak, eta Gaindegiak 2018an aurkeztutako Udalerri euskaldunak. Zehazki, udalerri euskaldunak garatzeko proposamen zehatzak eta bideragarriak bildu nahi ditu Iñaki Arregi Bekaren lehen deialdiak.
Jakinarazi dutenez, bekaren zenbatekoa 10.000 eurokoa izango da, eta bi ikerketa lagunduko dituzte diruz, bakoitza 5.000 eurogaz.
Beka norbanakoek edota ikerketa egiteko berariaz sortutako lantaldeek jaso ahal izango dute, eta bigarren kasu horretan, ikerketaren zuzendari arduradun bat izendatu beharko dela zehaztu dute.
Proposamenak aurkezteko epea 2019ko uztailaren 24an amaituko da, eta Uemaren, GFAren, UEUren eta Kontseiluaren ordezkari banak osatutako epaimahaiak, aurkeztutako lanak aztertu ostean, 2019ko irailaren 20an jakinaraziko du saritutako ikerlanak zeintzuk diren. Egun horretatik aurrera, 9 hilabeteko epea izango dute saridunek ikerketa aurkezteko.
Dokumentazioa Uemaren Aulestiko bulegoan aurkeztu beharko da, edo bestela, digitalki bidali. Kasu horretan, dokumentu guztiak PDF bihurtu, karpeta bakar batean bildu, eta hau hodeian eskuratzeko esteka posta elektronikoz bidali beharko da, honako helbidera: administrazioa@uema.eus
Informazio gehigarria, oinarriak, eskaera orria eta gainerakoak Uemaren webgunean eskuratu daitezke.
Iñaki Arregi Ihartza (1953-2010) izan zen Uemaren koordinatzailea, hil zen arte. Sorreratik Uemaren arima izan zela adierazi dute: “Ederki zekien Uemaren nondik norakoak eta helburuak gainontzekoei helarazten. Euskaltzale sutsua izan zen Arregi, eta Euskal Herri euskalduna lortzeko bidean ezinbestekoa iruditzen zitzaion Uemaren lana eta lurgunea zabaltzea”.