Ingeniari eta ingeniaritza ikasleei zuzendutako jardunaldia, Markina-Xemeingo Lea-Artibai Berrikuntza Gunean
Kooperatiben erronkak, estrategiak, beharrezko profilak eta etorkizunera begirako aukerak ezagutzera emango dituzte Lea-Artibai eta Busturialdeako Kooperatiben Mahaia Elkarteak eta Azaro Fundazioak antolatutako ekitaldian.
Lea-Artibai eta Busturialdeako Kooperatiben Mahaiak (Burdinola, Cikautxo, Eika, Fagor Arrasate, Kide, Laboral Kutxa eta Maier) eta Azaro Fundazioak ingeniari eta ingeniaritza ikasleei zuzendutako jardunaldiak antolatu dituzte Markina-Xemeingo Lea-Artibai Berrikuntza Gunean. Kooperatiben erronkak, estrategiak, beharrezko profilak eta etorkizunera begirako aukerak bertatik bertara ezagutu eta kooperatibetako ordezkariekin bertatik bertara solasaldian jardun ahal izango dute astelehenean [ekainak 17] egingo den jardunaldira bertaratzen direnek.
10:00etatik 13:30ak arte luzatuko den ekimenean Burdinola, Cikautxo, Eika, Fagor Arrasate, Kide eta Maier kooperatibetako ordezkariek 20 minutuko hitzaldiak eskainiko dituzte, euren enpresak ezagutzera eman eta etorkizunera begira dituzten beharrizanak azaltzeko. Antolatzaileek jakitera eman dutenez, ekitaldiagaz amaitzeko, solasaldi eta kopau bat egongo da jardunaldian parte hartzen duten ingeniari eta ikasleek kooperatibetako ordezkariekin harremanak estutzeko aukera izan dezaten.
Jardunaldian parte hartu nahi dutenek Azaro Fundazioaren web orriaren bitartez eman dezakete izena.