Tximista atletismo taldeak ekintzaz beteriko asteburua prestatu du
30. urteurrena ospatzen ari da Lekeitioko atletismo taldea. Barikutik domeka eguerdira arte egongo dira ekintzak eta herritar guztiak gonbidatu dituzte parte hartzera.
Tximista Atletismo Taldearen 30. urteurrenaren harira ekintzaz betetako asteburua prestatu du Lekeitioko atletismo taldeak. Urte guzti horietan egindako lana plazaratu nahi du taldeak kirol jai txiki bat antolatuta, eta horretarako erakusketak, kirol ekimenak eta aitorpen ekitaldiak prestatu dituzte.
Barikuan [ekainak 14] hasi eta domeka [ekainak 16] eguerdira arte Tximistaren ibilbidea ezagutzeko edota oroitzeko aukera egongo da Lekeitioko plazako Barandiaran aretoan jarriko duten erakusketa baten bidez. Taldearen arropak, argazkiak eta atletismoagaz lotutako informazio ugari ikusgai jarriko dute, “hurbiltzen den guztiak gozatu ahal izateko”.
Horrez gain, barikuan bertan, 19:00etan Tximista atletismo taldeko ez ohiko batzarra deitu dute zuzendaritza berriaren inguruan hitz egiteko.
Domeka goizerako [ekainak 16] bestalde, ekintza ezberdinak antolatu dituzte. Alde batetik, atletismoko markarik hoberenak ezagutzera emango dituzte lorpen izugarri horiek material ezberdinekin adieraziz.
11:30ean, kirol ginkanari emango diote hasiera. Parte hartu nahi dutenek 5 eta 10 laguneko taldeak osatu beharko dituzte. “Lehenengo bakarkako proba batzuk egingo dituzte eta ginkana taldeko errelebo berezi eta dibertigarri bategaz amaituko da”.
13:15ean, ekitaldi berezia egingo dute 30 urte horietan Lekeitioko atletismo taldea aurrera eramaten lan egin dutenei esker ona adierazteko. Eta amaitzeko, taldeko parte izan diren eta diren guztiei dei egin diete argazki erraldoi batean parte hartzeko. “Herriko kirol jai bat egitea da gure helburua, eta lantalde honen partaide izan diren eta urteurren honetan gurekin egon nahi duten guztiak bertaratzea gustatuko litzaiguke”.