Urrezko Arraunagaz saritu dute Iñaki Goikoetxea 'Lekittarra Elecnor'-eko patroia
Eusko Label Liga eta Euskotren Ligaren aurkezpen ekitaldia egin zuten zapatuan Donostian. Joan den denboraldian egindako merituak saritu zituzten.
Eusko Label Liga eta Euskotren Ligaren aurkezpen ekitaldia egin zuten zapatuan [ekainak 8] Donostiako Kursaal aretoan, eta ohi modura, 2018an egindako merituak saritu zituzten. Aurtengo sarituetako bat Iñaki Goikoetxea Sagua Lekittarra Elecnor-eko patroia izan da. Isuntza Arraun Elkartean egindako ibilbidearen aitorpena egin diote Urrezko Arraunagaz.
Guztira, zazpi merezimendu banatu zituzten ekitaldian Traineru Azkarrenaren Arraunetik hasita. Imanol Leza Euskotreneko Zuzendari Orokorrak banatu zien sariak Urdaibai Aviari Boiroko estropadan 4,79 m/s-ko abiadura lortzeagatik eta San Juan Iberdrolari VII Euskotren Banderan lorturiko 4,35 m/s-ko abiaduragatik.
Ander Etxegoien San Pedroko patroiak jaso du, berriz, 2018ko Patroi Onenaren Arrauna, Mikel Orbañanos GO fit Hondarribiako prestatzaileak Entrenatzaile Onenaren Arrauna, Berdin-Berdinak Kirol Elkarteak eraman du Kirol Merezimenduaren Arrauna, Itziar Olasagasti Orio Babyautoko arraunlariak ere Urrezko Arrauna eraman du eta ACTren sare sozialetako jarraitzaileak aukeratuta, Bermeo Arraun Argazkiak taldearentzat izan da Zaletuen Arrauna.
Ohorezko Arraunaren bi ale ere banatu zituzten. Lehenengoa Eugenio Fernandezi eman zioten ACTn egindako lan handiagatik, eta bestea, Hondarribia Arraun Elkarteari ospatzen ari diren 50 urteurrenagatik.
Sari horiek banatzeaz gain, 2018. denboraldiko txapeldunak izan ziren Urdaibai Avia eta San Juan Iberdrolari CaixaBank Koroa eta Euskotren Garaikurraren erreplikak eman zizkieten, hurrenez hurren.