Rock and rolla eta artisau garagardoa eskutik dakartza berriro Topabeer jaialdiak
Eguenetik zapatu gauera bitartean egongo dira artisau garagardoa eta rock and roll musika. Kinki Boys, Hendrik Rover & Los Miticos GTS eta Bamms taldeek joko dute 15. Markina Shots jaialdian.
Iaz Markina-Xemeinen lehenengoz ospatu zen Topabeer jaialdiak izandako balorazio onak bigarrena antolatzera animatu ditu Markina-Xemeingo Udala, Jai Batzordea eta Markina Shots jaialdiko antolatzaileak. Oraingoan ere, artisau garagardo azokak eta Markina Shots jaialdiak bat egingo dute Kontzekupean.
Eguenean [ekainak 13] hasiko da jaialdiko egitaraua pintxo pote musikatuagaz. Kontzertu ibiltaria izango da; Xabi Señor No abeslari eta gitarjole mitikoak herriko lau tokitan joko du. 19:30ean hasiko da Babel parean; gero, Guen Kalean egingo du geldialdia, Irurok eta Patxua bitartean; ondoren, Kontzekupe ondoan joko du, eta azkenik, Okerra kalean.
Lehiaketa. Barikua [ekainak 14], Hemen be bai merkatari elkartearen gurditxoak zozkatuko dituzte hasteko, 20:00etan. Gurditxo bi zotz egingo dituzte, eta bertan egon beharko da saria eskuratzeko. Horren ostean, I. Markina-Xemeingo Rock & Roll Lehiaketako finala erabakiko da. Margari Records izan da antolatzailea. Deialdi bat egin zuten eta 17 talde aurkeztu ziren lehiaketara. Epaimahai batek erabaki du zeintzuk bi talde igaro diren finalera, eta barikuko zuzenekoen ostean jakingo da bietako zein izango den irabazlea.
Finalean, batez ere zuzenekoa baloratuko dutela aurreratu dute. Irabazleak txapela eta 400 euroko saria eramango ditu eta bigarrenak 200 euroko saria. «Bakoitzak ordu bete inguru joko du 20:00etan hasiko da Elortegi Anayak Mungiako taldea, eta 21:30etik 22:30era The Inductions donostiarrak».
Garagardo azoka. Eguenean eta barikuan dastatu ahalko dira artisau garagardoak tabernetan, eta zapatu arratsaldean [ekainak 15] artisau garagardogileen azokan. Aurten hiru tabernetan egongo dira artisau garagardoak. Bakoitzean bi erreferentzia egongo dira, eta hiru tabernetan ezberdinak izango dira. Taberna bakoitzean dauden garagardo erreferentzia biak edaten dituztenen artean hiru sari zotz egingo dituztela ere jakitera eman du Gorka Fundazuri Jai Batzordeko kideak. Saria zapatuan emango dute Markina Shots jaialdiko kontzertuak hasi orduko.
17:00etatik aurrera egongo dira garagardogileak Kontzekupe aurrean jarriko duten karpan. Iazko hirurak errepikatuko dute: La txika de la cerveza (Bilbo), Baobeer (Elgeta) eta Garai Brewing Company (Garai). «Garagardoa emateko hiru iturri edukiko dituzte, eta mota ezberdinak jartzen joango dira. Txosna hori kontzertuak amaitu arte egongo da martxan», argitu dute.
Aurten, berezitasun modura, Korribeer izeneko lasterketa berezia ere prestatu dute. Parte hartzaileek hiru buelta emango dizkiote 550 metroko zirkuitu bati eta hiru garagardo ere edan beharko dituzte. Lehen garagardoa Kontzekupean edan eta irtengo dira. Okerra kaletik Goiko Portalera eta Zelaiari buelta eman ondoren kaña bat edan beharko dute, eta horrela hiru bueltak eman arte. Irabazleak txapela eta sei garagardoko sorta eramango ditu.
Antolatzaileek esan dutenez, entrenatzen hasita daude batzuk, eta 9 segundotan edaten dutela garagardoa jakinarazi dute. “Santutxuko kirolari bat badatorrela badakigu”.
Kontzertuak. Behin lasterketa amaitutakoan hasiko da 15. Markina Shots jaialdia. Hiru talde handi batuko ditu aurten ere jaialdiak: Kinki Boys (Burgos-Madrid) Hendrik Rover & Los Miticos GTS (Santander) eta Bamms (Donostia). «Bamms taldeko bik The Sarris Rock and Roll Trion jotzen dute, eta Señor No-gaz ere jo dute. Kinki Boys taldeko bateria Loquilloren bateria da eta bajista Moonshakers taldekoa. Hendrik Rover Los Deltonos talde ezagunaren abeslaria da», azaldu du Txurrukak.
Estilo aldetik ere hiru taldeak ezberdinak dira. «Kinki Boysek punk rocka jotzen du, Bamms rock and roll arinagoa da eta Hendrik Rover & Los Miticos GTS rhythm and bluesa jotzen dute eta oso onak dira», zehaztu du Gotzon Aretxabaletak.
Gaueko 12ak inguruan amaituko dira kontzertuak, eta jaiak Jai Alai tabernan jarraituko du Albin Rat DJ-agaz.