29. Sabin Foruria lasterketa lehiatuko dute Markina-Xemeinen
Markina-Xemeingo Txirrindulari Elkarteak antolatutako lasterketak 115 kilometroko ibilbidea izango du. Bizenta Mogel parkean jarriko dute aurten helmuga.
29. Sabin Foruriaren oroimenezko lasterketak zeharkatuko du Lea-Artibai eskualdea domekan [ekainak 16]. 16:00etan hasiko da Markina-Xemeinen aurten elite eta 23 urtez azpiko mailako Euskal Herriko Txapelketa izango dena.
Markina-Xemeingo Txirrindulari Elkarteak antolatutako lasterketak 115 kilometroko ibilbidea izango du. Markina-Xemeingo udaletxe aurretik irteera neutralizatuan joango dira txirrindulariak Aulestirako bidean dagoen biribilguneraino, eta bertan emango diote denboraz neurtutako lasterketari hasiera. Helmuga herri barruan egongo da. Orain arte, Aldaola kalean jarri dute helmuga, domekan, berriz, Bizenta Mogel parkea izango da txirrindularien amaiera puntua.
Markina-Xemeindik irten, eta Iruzubietan Gernikarantz hartu beharko dute txirrindulariek. Ziortza-Bolibar igarota, Gontzugaraiganetik Munitibarrera abiatuko dira eta Aulestitik Oletarantz hartuko dute Leketiorako bidean. Lekeitio barrutik igarako dira txirrindulariak, eta kostako bidetik, Berriatuko Asterrika auzora igoko dira, handik Askartzara jaitsi eta Ondarroarako bidea osatzeko.
Kostako bidea jarraituko dute txirrindulariek Lekeitioraino. Herri barrutik igaroko dira berriro txirrindulariak Oletarako norabidean eta Aulestirantz emango dituzte hurrengo pedalkadak. Munitibar, Gontzugaraigane, Ziortza-Bolibar, Iruzubieta eta Markina-Xemein arteko ibilbidea egingo dute, eta Lekoiztik Aulestirantz igarota ibilbide bera errepikatuko dute Markina-Xemeingo helmugara heltzeko.