Auzolan Eguna antolatu dute Markina-Xemeingo Gazte Lekue atontzen jarraitzeko
Barikuan [ekainak 14], 16:00etatik aurrera jarri dute hitzordua Gazte Lekuen bertan, eta nahi duten guztia gonbidatu dute parte hartzera.
Markina-Xemeingo gaztelekuaren prestaketa lanak aurrera doaz. Ekainean Gazte Lekue apaintzen eta margotzen ibili ostean, Auzolan Eguna antolatu du Sorginzuloko lantaldeak Gazte Lekue atontzen jarraitu eta parte hartzea sustatu asmoz. Barikuan [ekainak 14], 16:00etatik aurrera jarri dute hitzordua gaztelekuan bertan, eta nahi duten guztiak gonbidatu dituzte parte hartzera. “Gonbidapena herri guztiari luzatzen diogu, gazte, heldu, ume zein guraso”.
Bestalde, gunea egokitzeko altzarien premia ere erakutsi dute. “Gaztelekurako behar den materiala etxeetan edo ganbaretan badaukazue, eskertuko genuke ekartzea”. Aulkiak, altzariak, Yogako baloiak, puffak, mahai jolasak, igerileku bat, futbolina… denetarik onartuko dutela jakinarazi dute. “Dena da ongi etorria”.
Herri Bibliotekaren ostean zegoen herriko brigaden lokalean prestatzen ari dira Gazte Lekue. Zerbitzuaren erabilera 12-16 urte bitarteko gazte denentzako izango da, Markina-Xemein eta inguruko herriko nerabeentzako.