Inoizkorik parte hartze handiena izango du Lekeitioko Triatloiak
Kirol probak parte hartze errekorra gainditu du. 550 tritletek egingo dute Lekeitioko esprint triatloia; horietatik 100 emakumeak izango dira.
Lekeitioko Garraitz Kirol Taldeak antolatuta, Lekeitioko 27. Triatloia jokatuko da zapatuan [ekainak 15]. Euskadiko eta Arabako Txapelketa ere jokoan izango dira. Aurten, gainera, ezinezkoa zirudiena gertatu da. Errekor guztiak hautsita 550 lagunek eman dute izena.”Inoiz ez dugu horrenbeste jende eduki. Aurten muga modura ezarri dugun gehienezko kopurua bete egin da”.
Antolatzaileek emakumeen parte hartzea ere azpimarratu nahi izan dute. 100 izango dira aurten, inoizkorik gehien. “Orain arteko errekorra hautsi dugu. Azken urteotan emakumeen parte hartzea nabarmen igo da; iaz 80 izan ziren, eta aurten 100 dira. Gorako joera dagoela ikusteak asko pozten gaitu. “.
16:00etan hasiko da lehia Isuntzako hondartzan, baina aurretik, 13:00etatik 15:30era, parte hartzaileek dortsalak jaso beharko dituzte kontzijopean. Uretara dzanga egiten lehenengoak emakumeak izango dira. Gizonezkoek, berriz, ordu laurden beranduago hasiko dute proba. “Modu horretara, plazako helmugara sartzen den lehen kirolaria emakumea izango da”.
Lekeitioko badian 750 metro igerian egin ostean, bizikletak hartu eta 21 kilometroko saio gogorrari ekin beharko diote triatletek. Andonegiko garbigune parera joan-etorria egingo dute. Antolatzaileek gogorarazi dutenez, probak irauten duen tartean errepidea itxita egongo da, probaren noranzkoan. “Lekeitio eta Milloi arteko tartean, zirkulazio mozketak egingo dituzte, 16:15etik 17:45ak arte, gutxi gorabehera”.
Esprint triatloia amaitzeko, 5 kilometroko oinezko lasterketari ekin beharko diote parte hartzaileek. Plazan hasi, eta portuko kaleak zehartu ondoren, Santa Katalinako itsasargira joan-etorria egingo dute korrikalariek. Zaleak triatletak animatzera gonbidatu dituzte antolatzaileek. “Eguraldi ona dago emanda, eta giro onik ere ez da faltako. Triatletek asko eskertzen dituzte zaleen animoak eta txaloak”.
Nazioartean ere oihartzun handia du Lekeitioko triatloiaren festa handiak, eta aurten ere, goi mailan dabiltzan hainbat triatletek parte hartuko dute. Matilda Vilder, Jess Ashworth eta Milan Agnew australiarrak emakumezkoetan, eta Luke Burns australiarra eta Lorcan Redmond irlandarra gizonezkoetan, esaterako. Lehiaren punta-puntan ariko direnen artean Ander Okamika ANb Fanox eta Mireia Arrillaga Garraitz kirol taldeko lekeitiarrek ere ez dute hutsik egingo.