Mutrikuko Goizeko Izarra ikastolak kalera irtenda ospatuko du ikasturte amaierako jaialdia
Zapatuan [ekainak 15] egingo duten jaialdiarekin borobilduko dituzte 50. urteurreneko ekimenak. Era berean, ikastolaren historia jasotzen duen liburua prestatzen ari dira.
Berezia izan da aurtengo ikasturtea Mutrikuko Goizeko Izarra ikastolarentzat, 50 urte bete ditu eta. Ospatu beharrekoa dela eta, zapatuan [ekainak 15], kalera aterako dute ikastolako urteroko jaialdia.
Mutrikuko Goizeko Izarra ikastola 1968-1969 ikasturtean sortu zen, Goizeko Izarra kultur elkartearen baitan, dantza eta antzerki taldeekin batera. Rosarito Rementeria irakasle hartuta, bi ikasturteko umeak batera aritu ziren lehenengo urte hartan, guztira, 34 ume. Elizaren atzean zegoen eraikinean hasi zuen bidea ikastolak, baina ikasturtea amaitu aurretik Guardia Zibilak zigilatu egin zuen. Lehen urteak elizaren babespean eman zituzten, ikastolaren proiektuak indarra hartu zuen arte. Urte gogorrak pasatzea egokitu zitzaien, ordea. Franco diktadorearen garaiak ziren, eta ikastolan sarri ikuskaritzak eduki ohi zituzten. Abisua jaso, eta mendira edo kalera irteten zuten horrelakoetan.
Bultzaka, ikastola gora. Asmo hark zertan amaitu behar zuen zehatz jakin gabe, hainbat guraso ikastolaren alde lanean aritu ziren, baita guraso ez ziren beste hainbat mutrikuar ere. Mutrikun bertan ezeze, Ameriketara joandakoen artean ere aurkitu zituzten diru emaileak. Tonbolak, zozketak eta diru iturri izan zitekeen guztia ongietorria izan zen garai haietan, ikastolaren proiektuak aurrera egin zezan.
Denbora gutxian, lau eraikin pasa zituen ikastolak, gaur egungora heldu arte. Orduko «nazionaletakoak» ere eraikin berean zeuden; eta leku bera partekatze hori ez zen erraza izan hasieran, ikastolakoek gogoratu dutenez. Poliki-poliki, ikastola lekua hartzen joan zitzaien. Era berean, ikastolaren bidez, euskal kulturarekin lotuta zeuden ekimenak ere pisua hartzen joan ziren Mutrikun, besteak beste, Olentzero eta danborrada.
Sare publikoaren hautua. Ikastolaren ibilbidean, hasierako urteetan modura, egon zen beste garai zail bat ere, ikastolak sare pribatuaren eta sare publikoaren artean aukeratu behar izan zuenekoa. 1993an, Eusko Jaurlaritzak Euskal Eskola Publikoaren legea onartu zuen, eta gurasoen eta irakasleen artean eztabaidatu ostean, sare publikoan sartzea onartu zuten.
Pausoka-pausoka, Goizeko Izarra 50. urteurrenera heldu da. Amaia Aperribaik eta Maider Elustondok urteurrenaren inguruko ekimenak antolatzeko sortu zen batzordean parte hartu dute. Antolatutako ekimenetako bat, Zientzia Astea, hurrengo ikasturtean ere mantendu egingo dute, gainera. Bestalde, bihar, era berezian ospatuko dute ikastolako urteroko jaialdia, ekitaldiak kalera aterata. Azken ekimena ikastolaren historia liburuan jasotzea izango da. Unai Belaustegi historiagile mutrikuarrari eman diote enkargua.
Gerorako geratzen dena. “Ikastola modura espero dugu antolatutako guztiak balio izatea ikusteko bat garela, familia bat osatzen dugula, geu ere honen parte garela”, adierazi du Amaia Aperribaik. Horren haritik, Maider Elustondok dio ikastola indartuta atera dela. “Ekimenek balio izan digute herrian erakusteko hemen euskal kulturaren eta euskal hezkuntza publikoaren alde diharduen ikastola bat dagoela”, esan du.
- 11:30: Erraldoi eta buruhandien kalejira, Goiko Plazatik hasita.
- 12:15: Itxapleroa eta argazki erraldoia, Goiko Plazan.
- 13:00: Jaialdia eta 6. mailakoen agurra, Goiko Plazan (eguraldi txarrarekin, zuzenean kiroldegian 13:00etan jaialdia).
- 14:30: Bazkaria, Miruaitz pilotalekuan, eta errifen zozketa.
- 18:00: Erromeria, Beheko Plazan.