Nekane Lasarte: "Sortzen ditudan margolanak nire umeak modukoak dira"
Nekane Lasarte Makulegi (Errenteria, 1929) artista donostiarraren erakusketa ikusgai dago domekara [ekainak 16] arte, Ondarroako Udal Erakusketa Aretoan. Toxuneko familia handiko kideak kolore oso biziko 40 lanetik gora ekarri ditu.
Ondarroan erakusketa egiten duzun bigarren aldia da.
Lehenengo erakusketa 2015. urtean egin nuen. Izugarria da niretzako lanak Ondarroan erakutsi ahal izatea. Aitaren parteko arbasoak bertokoak dira, eta ilusio handiagaz etorri naiz berriro erakusketa egitera; nire bihotzaren parte bat berton dago.
Zenbat lan ekarri dituzu?
Deigarrienak iruditu zaizkidan 40 lanetik gora daude ikusgai.
Zeintzuk dira zure lanen gai nagusiak?
Bereziki lau gai mota margozten ditut: figurak, paisaiak, loreak eta itsasoa dira nire lanetako protagonista nagusiak. Paisaiak margotzea asko gustatzen zait. Batez ere, udazkena gustatzen zait horretarako.
Zergatik?
Koloreagatik. Asko maite dut kolorea. Koloreak garrantzia handia du nire lanean. Tonalitate asko erabiltzea gustatzen zait, eta horri esker momentuko itxura eta mugimendua jasotzen saiatzen naiz. Eguzkia ezkutatzen hasten den unean sortzen diren koloreak gustatzen zaizkit bereziki. Eguzkiak bere indarragaz kolorea zanpatu egiten du, baina arratsaldean, iluntzen hasten denean, koloreak zeharo edertzen dira. Eguna argitzen hasten denean ere, antzeko zerbait gertatzen da. Nik neuk, esaterako, ez ditut koloreak berdin antzematen.
Zerk inspiratuta margotzen duzu?
Deigarriak iruditzen zaizkidan gauzak margotzen ditut. Lehenengo eta behin, apunteak jasotzen ditut tokian bertan, eta gero, etxean dudan estudioan garatzen ditut.
Zeintzuk dira gehien erabiltzen dituzun teknikak?
Nire margolari ibilbidean askotariko teknikak erabili izan ditut: tinta, pastelak, akuarelak… eta erretraturen bat ikatz ziriak erabilita egiten badut ere, azkenaldian olio pintura erabiltzen dut; margolanari ere gorputz gehiago ematen diola uste dut. Ondarroan ikusgai dauden lan guztiak olioak dira.
Eta noiz sortutakoak dira?
Lanak nahikoa berriak dira. 2.000 urtea aurretik egindako lan guztiak oparitu egiten nituen, baina hortik aurrerakoak niretzat egin izan ditut. Egia esan, pena handia ematen dit lanak saltzen ditudanean. Sortzen ditudan margolanak nire umeak modukoak dira.
Erakusketa zabalik dago domekara arte. Zu ere bertan egongo zara, ezta?
Bariku [ekainak 14] eguerdian Ondarroara joango naiz, eta asteburu osoan aretoan egongo naiz, bertaratzen direnei nahi duten beste azalpen emateko.