VI. Aste Musikala ospatuko du Lekeitioko Musikaia Musika Eskolak
Bost kontzertu eskainiko dituzte eskolako ikasleek astelehenetik barikura biratean.
VI. Aste Musikala ospatuko du Lekeitioko Musikaia musika eskolak astelehenetik [ekainak 17] barikura [ekainak 21] bitartean. Herritarren belarriak gozarazi asmoz, bost kontzertu eskainiko dituzte Musikaiako ikasleek bost egunetan.
Musikaia Musika Eskolako zuzendariek jakinarazi dutenez, agertoki ezberdinetan izango dira emanaldiak. Horrela, astelehenean, 1. eta 2. urteko tresnetako ikasleen kontzertua egongo da Musika Eskolan, 19.00etan. Martitzenean eta eguaztenean, berriz, Ikusgarri zinema aretora joango dira. Martitzenean, estilo lasai eta folkloriko ikutuko kontzertua emango dute eta eguaztenean estilo moderno, rock eta jazz ikutukoa. Emanaldi biak, 19:00etan hasiko dira.
Eguenean [ekainak 20] koru eta ahots taldeek hartuko dute txanda. Udaletxeko Eskilaretan jarri dute hitzordua, 19.00etan. Hala ere, euria egingo balu, Ikusgarri zinema aretora lekualdatuko dute kontzertua. “Goizean bertan abisatuko dugu aldaketa gertatzen bada”, azpimarratu dute Musikaiako zuzendariek. Bestalde, Musika Mintzaira 5. Maila gainditu duten ikasleek ere egun honetan jasoko dituztela ziurtagiriak zehaztu dute.
Aste Musikala borobiltzeko antzerki musikala eskainiko dute Musikaiako ikasleek. Miren Agur Meabe idazle lekeitiarrak moldatutako gidoiarekin Zirkua izeneko antzerki musikala sortu dute. “Aktoreak musika eskolako ikasle eta taldeak izango dira eta musika zuzenean irakasleek joko dute”. Ikusgarri Zinema Aretoan izango da azken emanaldia ere, 19.00tan.
Zinemaren edukiera mugatua denez, Ikusgarri zinema aretoan eskainiko dituzten emanaldietarako sarrerak beharko direla gogora ekarri dute Musikaiako arduradunek. “Azken urteetan egin dugun bezala, partaide bakoitzak gonbidapenak izango ditu eskuragarri zineko leihatilan”. Egun bakoitzean egun horretakoa soilik hartu ahalko dute, eta soberakinak euro baten truke jarriko dituzte salgai 16:30etik 18.30era.