Bizikletako Dinamartxa Gernika-Lumotik aterako da aurten, eta igeri martxa Mutrikutik
Mendiz mendiko Dinamartxa izango da aurten orain arteko ibilbidea edukiko duen bakarra: Tolosa-Ondarroa. Bizikleta martxaren kasuan, Galbaixotik bizikletak ezin direlako pasatu aldatu dute ibilbidea.
Beste behin ere Dinamartxak izango dira 22. Zapato Azuleko ekintza nagusienetakoak. Azken urteetan modura, aurten ere hiru Dinamartxa egongo dira: bizikletakoa, oinezkoa (mendiz mendi) eta igerian. Izena emateko, Radixu Irratikoek datak zehaztu dituzte: ekainaren 24an, 25ean eta 26an izena eman ahalko da, 19:00etatik 21:00etara, Musika Plazan. Orain arte modura, parte hartzaile guztiek baimen orria sinatu beharko dute.
Bizikleta martxa Gernika-Lumotik aterako da aurten. Izan ere, Mutriku eta Deba arteko errepidea itxita dago, eta txirrindularientzako debekatuta dago Galbaixotik pasatzea. Zehaztu dutenez, orain arte modura, bizikletak aurreko egunetan eramango dituzte, eta parte hartzaileak goizean goiz joango dira Gernika-Lumora, autobusez.
Mendiz mendi egingo dutenen kasuan, Tolosatik Ondarroara arteko bidea ohi modura egingo dute; bezperan gauerdian aterako dira autobusean. Mendiz mendi parte hartzeko lekuak mugatuak izango dira aurten ere. “Autobus bete jendek parte hartu ahalko du”.
Martxa igerian egin nahi dutenentzako ere lekuak mugatuak izango dira; gehienez ere 30 laguneko taldea onartuko dute. “Parte hartzaileak euren kabuz edo Lurraldebus autobus zerbitzuan joan beharko dira Mutrikura”.
Prezioak. Izena ematerakoan, parte hartzaileek ordainketa ere egin egin beharko dute: txirrindulariek eta mendiz mendi egingo dutenek 15 euro ordaindu beharko dituzte izena ematerakoan, eta kamiseta nahi badute, beste 13 euro ordaindu beharko dituzte. Igerilariek, ostera, parte hartzeko 5 euro ordaindu beharko dituzte.
Radixu Irratikoek gogorarazi dutenez, Dinamartxak egiteko boluntarioak behar dira. “Mendikoan esku bat botatzeko jendea behar da, bizikleta martxan ere furgonetetan jendea behar da, eta furgonetak uztea ere eskertuko dugu”.