Iker Ballarinek irabazi du 29. Sabin Foruria Oroimenezkoa
Victor Etxeberria Carrascok (Azkarrak) eta Unai Iribar Jauregik (Goierri TB) osatu dute aurtengo podiuma. Gaizka Sotil Etxabe etxebarritarra izan zen eskualdeko lehenengoa.
Esprintean erabaki zen atzo [ekainak 26] 29. Sabin Foruria Oroimenezkoa txirrindulari lasterketa. Goierriko TB txirrindulari taldeko Iker Ballarin Mansok eta Azkarrak txirrindulari taldeko Victor Etxeberria Carrascok norgehiagoka estua eduki zuten Bizenta Mogel Parkeko helmugara heltzeko azken metroetan. Iker Ballarinek zeharkatu zuen azkenean, helmugaren pankarta lehenengo, besoak altzatuta.
Lehenengo biek 2.59.04 denboran osatu zuen 115 kilometroko ibilbidea. Podiuma osatzen hirugarrena, berriz, Unai Iribar Jauregi izan zen, Goierriko TB taldeko txirrindularia. Joseba Lopez Cuestagaz (Eulen taldea) batera ailegatu zen Iribar azken zuzenekora. Lehen biengandik 2 minutu eta 13 segundora igaro ziren helmugatik.
Lehen hiru txirrindulariez gain, elite mailako txapeldunak eta 23 urtez azpikoak jaso zituzten sariak. 23 urtez azpikoetako txapela Iker Ballarinek jantzi zuen eta elite mailakoa Victor Etxebarriak. Lea-Artibaiko lehen txirrinduaria, bestalde, Gaizka Sotil Etxabe etxebarritarra izan zen. 9. postua lortu zuen Sotilek. Horrez gain, taldeko saria ere eraman zuen Goierriko TB izan zen-eta talde mailako irabazlea.
Lea-Artibaiko beste bi txirrindularik ere amaitu zuten proba: Josu Urrutia Zubikarai ondarrutarrak 19. postuan eta Patxi Juaristi Pagaegi markina-xemeindarrak 27.postuan.
Guztira, hemeretzi taldetako 90 txirrindularik parte hartu zuten Markina-Xemeingo Txirrindulari Taldeak urtero antolatzen duen lasterketan. Aurtengoa elite eta 23 urtez azpikoen mailako Euskal Herriko txapelketa izan da, eta beraz, Euskal Herriko txirrindulariek besterik ezin izan dute norgahiagokan parte hartu.