Markina-Xemeinek Herriarteko Txapelketako finalaurrekoen joanekoa irabazi dio Orozkori
Datorren zapatuan erabakiko da Orozkon zein taldek lortzen duen Herriarteko Txapelketako finalerako pasea. Garaipena batera zein bestera joan daitekela aurreikusten du Peio Urionabarrenetxea Markina-Xemeingo Esku Pilota Txapelketako entrenatzaileak.
Joan den zapatuan [ekainak 15] jokatu zuten Herriarteko Txapelketako finalaurrekoetako joaneko partida Markina-Xemeinek eta Orozkok, eta 2-1 irabazi dio Markina-Xemeingo Esku Pilota Taldeak Orozkori. Kadete eta nagusien mailetan gailendu zen Markina-Xemeingo taldea.
22-20 irabazi zuten kadete mailan Anartz Ibarlozak eta Markel Egurrolak. 15-20 galtzen joan eta gero, markagailuari buelta eman zioten 7 tanto jarraian eginez. Gazteek ez zuten zorte bera eduki, 6-22 galdu zuten Dani Ormaetxeak eta Antxon Aspiazuk. Nagusien mailan, aldiz, errazago ibili ziren Alain Pujana eta Aimar Ibarloza eta nagusitasun osoz irabazi zuten partida markagailuan 22-13ko aldea ezarrita.
Joaneko emaitza ona izan bada ere, tanteoa euren alde daukatela azaldu du Peio Urionabarrenetxea Markina-Xemeingo Esku Pilota Taldeko entrenatzaileak, eta beraz, itzulikoa irabaztea ez dela bat ere erraza izango gaineratu du. “Orozko zen faboritoa, baina oraingoan gure aldeko emaitza lortu dugu. Ezusteko ona izan da”.
Itzulikoan, beraz, garaipena alde batera zein bestera egon daiteke. “Kadete mailan egongo da batez ere gakoa. Kadeteetan irabaztera behartuta gaude bai eurak bai eta gu ere”.
Markina-Xemeingo taldeak zazpi final jokatu ditu jarraian azken urteetan, eta aurten finalerako lehian egotea ere ez zuten espero. “Talde onak daude eta egunen baten finaletik kanpo geratzea ere gertatuko zaigu”. Hala ere, orain finalerako aukera esku eskura edukita kanpoan geldituz gero, pena handia hartuko dutela aitortu du Urionabarrenetxeak.
Itzuliko partiduan erabakiko da Markina-Xemeinek ala Orozkok egiten duen aurrera. Partiduak zapatuan [ekainak 22] jokatuko dituzte, 18:00etatik aurrera.
Finalak. Bestalde, Txikien Herriarteko Txapelketa erabakiko da eguenean [ekainak 20] Markina-Xemeingo frontoi nagusian. 18:30ean hasiko da 3. eta 4. posturako norgehiagoka Iurreta eta Zornotzako taldeen artean. Ondoren, finala jokatuko dute Markinak eta Ortuellak.