25 ekintza baino gehiago izango ditu Kalekak 30. urteurrenean
Uztailaren 18tik 21era, eduki, formatu eta hizkuntza anitzetako keinu-antzerki, dantza, zirku, clown, esperimentazio espazio, kabaret, piroteknia, txotxongilo eta instalakuntza proposamenak eskainiko dituzte besteak beste. Lekittoko Deabruek 200 profesionalez osatutako deabru taldea batuko dute.
Kale arteetako 25 konpainia baino gehiago hartuko ditu Kaleka Lekeitioko Nazioarteko Kale Arteen Jaialdiak 30. urteurrena ospatzeko. Gaur goizean [ekainak 18] egin dute aurkezpena, Koldo Goitia Lekeitioko alkateak, Aitziber Atorrasagasti Eusko Jaurlaritzako Kultura Sustapen Zuzendariak, Andoni Iturbe Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Zuzendariak eta Maider Illana Kalekaren kudeaketa taldeko kideak. Jaialdian murgiltzen hasteko, gainera, Cia Shakti Olaizolaren Baldin Bada ikuskizunagaz eta jolasekin gozatzeko aukera ere eduki dute herriko ume eta gazteek.
Azken hiru urteetan Kalekak izandako garapena aitatu du Koldo Goitiak hasteko. “Egitura aldaketa prosezu batean murgilduta egon da, kale antzerki jaialdi bat izatetik mota guztietako kale arteak hartzera igaroz”. Uztailaren 18tik 21era, Txile, Frantzia, Alemania, Erresuma Batua, Italia, Espainia, Herrialde Katalanak eta Euskal Herriko 25 ekintza egongo direla azaldu du Goitiak, eta ikuskizunak adin guztiei eta gustu guztiei zuzendutakoak izaten saiatu direla zehaztu du.
Lau egunetan, beraz, eduki, formatu eta hizkuntza anitzetako keinu-antzerki, dantza, zirku, clown, esperimentazio espazio, kabaret, piroteknia, txotxongilo eta instalakuntza proposamenak eskainiko dituzte besteak beste. “Eskerrak eman nahi diot Lekeitioko herriari egun horretan eta urtean zehar Kaleka antolatzen laguntzearren, bai eta Aldundiari eta Eusko Jaurlaritzari ere, euren laguntza barik ezin izango zelako antolatu”.
Euskal Herriko konpainiei dagokionez, Lokke dantza taldea, Zanguango, Truca Rec eta Lekittoko Deabruak egongo dira.
Askoren esfortsuari esker, Kaleka kale antzerki jaialdi kontsolidatua dela nabarmendu du Atorrasagastik. “Gaur egun, eta azken hiru urtetako bilakaerari esker gizartean eragina izan nahi duen eragile bat ere bada, gizarte parte hartzaile eta kritiko baten erronka eskaintzen digu, herriko eragileekin elkarlanerako sarea sortuz eta Lekeitio kultur herri batean bilakatuz”. Kulturaren eraldaketarako gaitasuna azpimarratu du baita ere Eusko Jaurlaritzako Kultura Sustapen zuzendariak. “Berrikuntzaren bitartez edo elkarlanari esker, kultura bada gaur egun gizarte honetan erronka bat denontzat. Horretan Kaleka eredu bat bilakatu da, beraz, eskerrik asko eta zorionak Lekeitioko herri eta eragile guztiei, horrelako eredu bat eskaintzeagatik”.
Garapen edo sorrera prosezuan dauden 20 lanen eskaerak aurkeztu dira Kaleka Scrach atalera, eta horietatik bost konpainia aukeratu dituzte
Lekeitio erreferente bat bihurtuta dagoela esan du, berriz, Iturbek, baina oraindik, kultur zaletasuna zabaltzeko eta handitzeko gaitasuna badaukala. “Hor aurrean daukagu Garraitz, badaukagu Mendieta, badaukagu Abaroa, badaukagu kale antzerkia, badaukagu zinema, badaukagu alde zaharra eta badaukagu itsas ondare garrantzitsu bat ere, eta kulturak ere leku garrantzitsu bat daukala uste dut, eta horretan aldundia ere udaletxeagaz batera lanean bagabiltza”. 30 urtez horrelako proiektu bat pil pilean mantentzea ez dela erraza azpimarratu du Iturbek, baina Lekeition lortu dutela adierazi du, zorionak emanez.
Jaialdia. Aurreko urteetan ohitura izan den moduan, Kalekak hiru lan lerro ezbardinduko dituela jakitera eman du Maider Illanak: Kaleka Ofiziala, Kalekaz Blai eta Kaleka Scrach.
Kaleka Ofizialak formatu ezberdinak lantzen dituzten konpainia eta kolektiboen lanak batuko ditu. Illanak jakitera eman duenez, aurten, Kataluniatik, Cia y tu que pintas eta Zero en Conducta egongo dira; Kantabriatik, Createctura kolektiboa; Toledoko 7 Bubbles; Andaluziako La Nordica eta Galiziatik Sincronacidas konpainia. Horrez gain, Chiara Marchese italiarra eta Txiletik datorren Murmuyok ere parte hartuko dute.
Euskal Herriko konpainiei dagokionez, Lokke dantza taldea, Zanguango, Truca Rec eta Lekittoko Deabruak egongo dira. “Lokke dantza taldeak, zortzi eguneko tailer baten bitartez eta lekuko parte hartzaileekin, uztailaren 19an aurkeztuko duten pieza garatuko du, eta Kalekan gertatuko den esperientzia honekin, The Big Game proiektuaren kaleko bertsioa inauguratuko du”.
Lekittoko Deabruak azken urteetan elkarlanean ibili diren Kataluiniako bost talde batuko dituela nabarmendu du Illanak, zapatu gaua suaren jaialdia bilakatzeko. “200 profesionalez osatutako deabru taldea batuko dute, Euskal Herrian inoiz izan den su jairik handiena egiteko Deabruak gara, Soms diables ikuskizunagaz”.
Era berean, jaialdi honetan esperimentazio espazio berriak antolatuko dituztela zehaztu du. “Alde batetik, Kaleka Egin espazioan Kalekaren poltsa edo motxila sortu ahalko dugu, eta hau Truca Rec kolektiboak diseinatu eta kudeatuko du. Bestalde, Kairos gune doia espazioa inauguratuko dugu”. Kairos espazioa hamar hilabete eta 5 urte bitarteko adina dutenei eskainitako gunea izango da, esperientzia eta jokoa bultzatzen duen espazioa, eta Createctura kolektiboak kudeatuko du.
Kaleka Scrachek, berriz, garapen edo sorrera prosezuan dauden lanak batuko ditu. Jaialdi honetara 20 eskaera aurkeztu dira, eta horietatik bost konpainia aukeratu dituzte. “Garapen fase ezberdinetan aurkitzen diren lanak dira. Kataluniako Labuena Compañia, Cia es Circ eta Compañia la intrepida etorriko dira, Frantziatik Cie De-Chainee eta Euskal Herritik Lokke konpainia”.
Kalekaz Blai sekzioak urte osoan jaialdiaren presentziak jarraikortasuna izatea du helburu, horretarako bereziki zuzendutako jarduerak sustatuz. Aurten Zanguango taldearekin proiektu irekia izan dute, ikastetxeekin tailerrak eta Euskal Zine Bileragaz elkarlanean, Iturriotz institutuko ikasleek jaialdia sustatzeko bideoak egin dituzte.