Aritz Erkiaga Ispasterko puntistak bere talentua agerian utzi du Mexikon
'Duelo de titanes' partitdu ezagunean Imanol Lopez atzelariarekin bikotea osatuz, 30-24 garaitu dituzte IƱaki Osa Goikoetxea eta Eric Irastorza. Ekainaren 22an atzelariak aldatuta jokatuko dute berriro lau pilotariek.
Artista ezizenez ezagutzen dute mexikarrek Aritz Erkiaga ispastertarra. Munduko txapeldunak aho zabalik uzten ditu hango eta hemengo zaleak, eta oraingo honetan, Duelo de titanes partiduan nagusitu da Lopezegaz batera. Zapatuan [ekainak 15] Mexikoko Pilotaren Jauregian jokatu zuten neurketa, eta munduko lau puntista onenak elkartu ziren bertan.
Zale mexikarrak gau ahaztezina bizitzeko asmoz hurbildu ziren 20 urtez itxita egon zen Mexiko frontoira. Harmaila guztiak bete zituzten, giro paregabea sortuz. Gorriz jantzitako Erkiagak eta Lopezek 30-24 irabazi zioten Goikoetxea-Irastorza bikote urdinari, emozioz betetako partida lehiatuan. Izandako aukera urriak aprobetxatu zituzten bi aurrelariek, erremate bikainak eginez, hala ere atzelariak nabarmendu ziren.
Hasiera-hasieratik partida serioa jokatzera irten ziren lau pilotariak, eta tanto luzeak nagusitu ziren. Lehen zatian bikote gorriak aurre hartu bazuen ere, azken txanpara arte nahiko orekatua izan zen neurketa. 22 tantotara berdindu eta gero, ordea, Erkiagak eta Lopezek abantaila berreskuratu zuten, eta erraz lortu zituzten garaipena eskuratzeko beharrezko zortzi tantoak.
Atzelari aldaketa. Datorren zapatuan [ekainaren 22an] berriz elkartuko dira lau pilotariak Mexiko Frontoian. Oraingoan, baina, atzelariak aldatuko dituzte, eta Isparteko aurrelariak Irastorzarekin jokatuko du; Goikoetxeak berriz, Lopezekin.
Lauak ospe handiko pilotariak dira. Erkiagak, gaztea izanagatik ere, eskarmentua dauka Euskal Herrian zein AEBetan. Munduko txapelduna da, eta binakako txapelketan 14 garaipen lortu ditu. Goikoetxea aldiz binakako munduko txapeldun izandakoa da, eta bi aldiz izan da irabazlea kiniela lehiaketan. Lopez zumaiarrak, besteak beste, orain dela bi urte Munduko Buruz Buruko Txapelketa irabazi zuen frontoi laburrean, eta Lekeitioko Masterra eta Gernikako Gran Slama ere bereganatu zituen. Irastorzak 2019ko Premier Liga irabazi du eta bost aldiz izan da munduko txapeldun. Orlandoko Zirkuitua hirutan bereganatu du ere.
Liga Nazionala. Duelo de Titanes partidaz gain, Pilotaren Jauregira bertaratu zirenek Jai Alai denboraldiaren laugarren txapelketako neurketa ikusi ahal izan zuten. Egea eta Cordova bikote gorriak 15-9 eta 15-9 irabazi zien Juan Leon-Ihitsague bikoteari.
Mexikoko zesta-punta Jai Alai denboraldiaren laugarren txapelketa ekainaren 14an hasi zuten eta 23an bukatuko dute.