Lea Ibarra Motrollo taldea txapeldunorde geratu da Bizkaia Esnea Txapelketan
Munitibarko taldeko pilotariek ezin izan zituzten benjamin, alebin eta gazte mailako partidak irabazi. Finala Errigoitiko frontoian jokatu zuten, domekan.
Bizkaia Esnea Txapelketako finala jokatu zuten domekan [ekainaren 16a] Errigoitiko frontoian, eta Zornotzako Lagun Onak taldeko pilotariek mendean hartu zuten Munitibarko Lea Ibarra Motrollo kluba.
Benjamin (18-14), alebin (18-16) eta gazte mailako (18-16) partidak lehiatuak izan baziren ere, Munitibarko taldeak ezin izan zuen garaipenik eskuratu. Unai Arrizabalaga txapelketako arduradunak adierazi bezala, finalaurrekoetan jada zornotzarrek talde indartsuagoa zutela erakutsi zuten, eta finalean argi ikusi zen nagusitasuna. Antolatzaileek kopa bat eman zieten irabazleei, eta Bizkaia Esnea babesleak bere produktuak oparitu zizkien.
Txapelketa maiatzaren 1ean hasi zuten, eta hiru herritako frontoietan jokatu dute parte hartu duten zortzi taldek: Ibarrangelun, Kortezubin eta Errigoitin.
Mutilen finalaren ostean, emakumezkoen lau’terdiko finala jokatu zuten. Gernikako Ainhoa Ruiz de Infante pilotariak irabazi zuen 22-20 Lemoako Ainhoa Romeroren aurka.