The Rodeos talde japoniarrak kontzertua eskainiko du Ondarroan
Radixu Irratiak (105.5 FM) antolatzen duen #Sareartin kontzertu jardunaldien baitan, eguaztenean [ekainak 19] The Rodeos taldearen kontzertua egongo da Ondarroako Portuko Ranpan. Zuzenekoa, 20:30ean hasiko da, eta sarrera borondatea izango dela adierazi dute antolatzaileek.
Tokioko seikotea bira bat ematen ari dira Europako hegoaldean, eta bira horren barruan emango duten kontzertuetako bat izango da Ondarroakoa. Taldeak iragarritakoaren arabera, Euskal Herrian beste hainbat txokotan ere joko dute. Donostia, Igorre, Arbizu, Eibar eta Gasteizko oholtzak ere astinduko dituzte, esaterako.
2009an Tokion sortutako taldearen kantuek ska, reggae, folk eta beste hainbat musika estilo uztartzen dituzte punk eta rocka ikutu nabarmenagaz. Taldea honakoek osatzen dute: Taiki Kikuchi (ahotsa eta gitarra akustikoa), Yohei Sakamoto (gitarra), Takanori Akiyama (banjoa), Masumi Fukuda (akordeoia), Hiroyuki Kitajima (baxua) eta Hiroshi Kurihara (bateria).