Badatoz Iparraldeko Haizeak Lekeitiora
Barikuko bertso saioari lekukoa hartuta, Gisatu Txapelketa izango da zapatuan Aittitxa Txiki Kultur Elkarteak antolatzen duen jaialdiaren eskaintza nagusietako bat.
Iparraldeko Haizeak jaialdiak giro ederra eta saltsa nahikoa ekarriko ditu aurten ere, Lekeitiora. Barikuko [ekainak 21] bertso saioari lekukoa hartuta, Gisatu Txapelketa izango da zapatuan [ekainak 22] Aittitxa Txiki Kultur Elkarteak antolatzen duen jaialdiaren eskaintza nagusietako bat. Domekan [ekainak 23] berriz, azoka eta bote luzea izango dira protagonistak.
Abaroa jauregiko parkea estreinatuko dute aurten, Bertso Saioaren oholtza modura. Jon Maia, Julio Soto, Maialen Lujanbio eta Nerea Ibarzabal bertsolariak ariko dira bertsotan Xabat Galletebeitiaren gidaritzapean. 20:30ean hasiko dute saioa. Hala ere, euria eginez gero, Ikusgarri zinemara lekualdatuko dutela ekimena ohartarazi dute.
Sukaldaritza lehiaketa. 10:00etan hasi ahalko dira kuadrillak zapatuan, Gisatu Txapelketako prestaketekin Eskolapean edo taberna aurreetan. Eguerdirako eduki beharko dute prest gisatua, epaimahaiak erabakia hartu ahal izateko. Urtero kuadrillen artean arrakasta handia edukitzen duen Gisatu Txapelketan parte hartzeko aukera badago oraindik; horretarako izena eman dezakete kuadrillek kultur etxean.
Aittitxa Txikikoek bi kilo okela, hiru kilo patata, piper berdea eta tipula kilo bat emango diete kuadrilei kazola bakoitza prestatzeko, eta 13:30erako aurkeztu beharko diete gisatua Eskolapeko Limoiondoetan egongo diren epaileei. Antolatzaileek azpimarratu dutenez, gisatua kalean prestatu beharko da, “lokal barruetan ezingo da sukaldatu”.
Mahai eta aulkiak ere parte hartzaileen eskura jarriko dituzte antolatzaileek. “Mahai bakoitzaren erabilpenak 4 euro balioko ditu eta aulki bakoitzak 2 euro”. 15:00etan hasiko da bazkaria, eta sariak 18:00etan banatuko dituzte. Gisaturik onenak 100 euroko saria eramango du, bigarrenak 70 eurokoa eta hirugarrenak 50 euro. Horrez gain, azkenarentzat ere oroigarriren bat edukiko dute.
Musika. Egun osoa musikagaz girotuta egongo da. 11:30ean irtengo dira Baigorriko gaiteroak kalerik kale, eta ordu erdira txistuen doinuekin alaituko ditzute txokoak Itxaropenako txistulariek. Eguerdi partean Fermin Balentzia abeslaria egongo da Galarrenan, eta joaldunak ere ibiliko dira batera eta bestera.
Bestalde, urtero modura, dantza emanaldia eskainiko dute plazan Baigorriko Arrola eta Lekeitioko Etorkizuna dantza taldeek. Eta egunarekin amaitzeko, Iparraldeko Polekeleke elektrotxarangak emango dio gauari martxa Galarrenatik hasita.
Azoka. Iparraldeko eta Hegoaldeko ekoizleen elikagai eta artisautza produktuak eskuratzeko aukera ere eskainiko du jaiak. Azokako postuak 11:00etatik 14:30era bitartean egongo dira zabalik Independentzia plazan.
Azoka inguruetan ere, jai giroa izango da nagusi. Hernaniko pilotarien eskutik Bote Luzea pilota jolasaren erakustaldia egongo da Paskual Abaroaren monumentuaren aurreko zabalgunean prestatuko duten zelaian. “Aurten emakume pilotarien erakustaldia izango dugu”, aurreratu dute antolatzaileek.
Musikak hartuko dio txanda ondoren, kirolari, eta Bankako Menditarrak kantari taldearen doinuekin amaituko dira 19. Iparraldeko Haizeak.