Armagintzaren negozioa salatu dute Markina-Xemeinen
Markina-Xemeinen ere, morteroak egiten dituen fabrika bat badagoela gogora ekarri dute, eta armagintzagaz amaitzea beharrezkoa dela azpimarratu dute. Ibrahem Altheeb eta Osamah Dhiban Yemengo errefuxiatuek ere elkarretaratzean parte hartu dute.
Armen negozioak errefuxiatuak sortzen dituela ozen esan dute gaur goizean [ekainak 20] Markina-Xemeinen egindako ekitaldian. Gaur [ekainak 20] Pertsona Errefuxiatuen Eguna dela eta, armen negozioaren eraginak kaleratu nahi izan dituzte Ongi Etorri Errefuxiatuak, Amnistia Internacional, Harresiak Apurtuz , SOS Arrazakeriak eta Markina-Xemeingo Armagintzaren Kontrako Plataformak. Denok dakigula esan dute, Mediterraneoan zer gertatzen ari den: “denok dakigu milioika pertsona ari direla euren etxeak uzten gerraren eta miseriaren ondorioz”.
Gerren atzean interes ekonomiko handiak daudela azpimarratu dute. “Alde batetik herriei baliabide naturalak lapurtzeko eta bestetik armak saldu eta negozioa egiteko”. Eta arma industriak izugarrizko zifra ekonomikoak mugitzen dituela jakina dela azaldu dute, armak dauden tokian hildakoak daudela gaineratuz. “Gure herrian ekoizten diren armak beste herrialde batzuetan egiten dute eztanda, bertako bizilagun errugabeen bizitzarekin bukatuz”.
Markina-Xemeinen ere, morteroak egiten dituen fabrika bat badagoela gogora ekarri dute. “Hemen ekoizten dira etxeen eta familien gainean erortzen diren morteroak. Ezin dugu ahaztu armagintzak baduela ondorioak eta gaur garbi ikus dezakegu, errefuxiatuak morteroen herrian bait daude”. Izan ere, elkarte eta plataforma ezberdinetako kideez gainera, Yemeneko errefuxiatuak ere parte hartu dute Markina-Xemeingo agerraldian.
Armagintzagaz amaitzea beharrezkoa dela azpimarratu dute, eta beste aldera begiratu barik, errefuxiatuei laguntzeko erantzukizuna ere bai. “Horretarako erarik onena arma trafikoa gelditzea da, batzuen negozioa beste batzuen hilketa baita”. Guztiori dela eta, Eusko Jaurlaritza, Foru Aldundi desberdinei, erakunde publikoei, alderdi politikoei eta sindikatuei “armagintzagaz daukaten kidetasuna bertan behera uztea” eskatu diete, eta gerrarako lantegiei bakerako lantegi izatera eraldatzeko eman behar dituzten pausoak ematea eskatu diete. “Bihar gu izan gaitezke errefuxiatuak, ez dezagun inoiz ahaztu”.
Egoeraraen testigantza. Ibrahem Altheeb eta Osamah Dhiban Yemengo errefuxiatuek elkarretaratzean parte hartzen egoteagaz pozik daudela esan dute. “Armak saldu eta pertsonen kontra erabiltzearen aurka gaude, armamenduak herriak eta bertako bizilagun eta ondorengoak deuseztatzen dituelako. Errugabeak hiltzen ditu, ume eta nagusi”. Eta gertaera horiek salatu nahi izan dituzte Markina-Xemeinen.
Armek guztiaren suntsipena dakartela azaldu dute, etxeak, azpiegiturak… eta hori guztia geldiarazi behar dutela nabarmendu du Ibrahem Altheeb-ek. “10 minuturo hildakoak daude Yemenen bonbardaketen ondorioz eta gaixotasunen eta gosearen eraginez. Jendeak ez dauka jatekorik, gerraren eta enbargoaren eraginez”. Hori dela eta, armen salmenta geldiaraztea eskatu dio Espainiar gobernuari. Armak saldu beharrean diru hori ‘laguntza humanitario’-etara bideratzea eskatu dio; armak fabrikatu beharrean gastu hori gastu sozialerako erabiltzea.
Arkupe aurrean elkarretaratzea eginda, Ecia Xemein lantegi aurrera abiatu dira erakunde, plataforma, errefuxiatu eta elkarretaratzeagaz bat egin duten herritarrak, salaketa lantegiaren aurreraino eramateko.