Gazte triatloia egingo dute zapatuan Lekeition
Ohi modura, 9 eta 14 urte bitarteko gaztetxoek parte hartu ahal izango dute kirol proban, eta adinaren araberara egokitutako distantzia bete beharko dituzte kirolariek
Garraitz Kirol Taldeak antolatutako proba zapatuan [ekainak 22] 11:00etan egingo dute portu eta inguruetan, triatloia gazteenei ere hurreratzeko. “Aurreko astean helduen triatloia eduki genuen, eta oraingoan gazteenek ere triatloia zer den probatzeko aukera izango dute”. Ohi modura, 9 eta 14 urte bitarteko gaztetxoek parte hartu ahal izango dute kirol proban, eta adinaren araberara egokitutako distantzia bete beharko dituzte kirolariek. Aurretik izena eman nahi dutenek garraitz@garraitz.com helbide elektronikora idatzi dezakete. Egunean bertan ere izena emateko aukera egongo da, 10:00etatik aurrera, Plazan. “Aurten kanpoko jendea ere etorriko da. Bilbotik edo Durangotik, etortzeko asmoa dutela idatzi digute”.
Urtero bezala, Abadeen moila inguruan egingo dute igeri, portu gunean bizikletan eta parkean zehar ibiliko dira aringa-aringa. Benjamin mailako triatletek (2009an eta 2010an jaiotakoak) 100 metro igeri, 1.000 metro bizikletan eta 400 metro aringa-aringa egin beharko dituzte, alebinek (2007an eta 2008an jaiotakoak) distantzia bikoitza egin beharko dute eta txikiek, berriz, (2005an eta 2006an jaiotakoak) 400 metro igeri, 4.000 metro bizikletan eta 1.500 metro aringa-aringa.