Gipuzkoako Herriarteko Zesta-punta Txapelketaren finala jokatuko du Mutrikuk
Mutrikuko Danok Bat Pelotazale Elkarteko puntistak Donostia Jai Alairen aurka ariko dira finalean. Kadete eta gazte mailan irabazita, titulua lortzeko aukera asko dituztela uste dute.
Danok Bateko puntistek barikuan [ekainak 21] jokatuko dute finala, Donostia Jai Alairen aurka. Pilota jaialdia 18:30ean hasiko da, Zumaiako Aitzuri pilotalekuan. Bi herriek elkarren aurka finala jokatzen duten estreinako aldia izango da. “Azken finalak Zumaiaren aurka jokatu ditugu”
Kadeteek jokatuko dute lehendabizi, eta atzetik jokatuko dute gazte eta nagusi mailakoek. Kadete mailan EƱaut Urreisti eta Alain Basterretxea nor baino nor indartsuago ariko dira donostiarren aurka. Gazte mailan Zuhaitz Arrillagak eta Aratz Mendizabal Goixerri-k ordezkatuko dute Mutrikuko taldea, eta nagusi mailan, berriz, Aitor Andonegik eta Mikel Manzisidorrek jokatuko dute finala.
Mutrikuk txapelketan jokatutako sei partidetatik bakarra galdu du, eta txapela irabazteko faborito nagusia da. Ligaxka amaituta, lehendabiziko postuan sailkatu dira, 11 punturekin. Donostiak, berriz, puntu bat gutxiago eskuratu du. Finala irabazteko, gutxienez, bi kategoriatan nagusitu beharko dira mutrikuarrak. “Kadete mailan irabazteko aukera asko ikusten dugu, eta finala irabazteko giltza gazte mailan egongo dela uste dugu. Donostiak gazte mailako bikote oso polita du, eta lehia estu-estua egongo dela espero dugu. Nagusi mailan, berriz, Donostia puntua lortzeko faboritoa da. Alberro anaiek bikote oso sendoa osatzen dute, eta guk, berriz, bi atzelarirekin jokatuko dugu, ez dugulako aurrelaririk. Gure asmoa kadete eta gazte mailako puntuak lortzea da”.
Mutriku, aurtengoarekin, bederatzigarrenez ailegatu da finalera. 2011tik bederatzi final jarraian jokatzeko aukera eduki du. Mutrikuk bost aldiz irabazi du txapelketa, 2013an, 2014an, 2015an, 2016an eta 2017an. 2011n, 2012an eta 2018an, berriz, bigarren postua eskuratu zuen.