Ibilbide aldaketagaz dator Berriatuako 38. San Gregorio Saria
Azken urteotan, lasterketa Galbaixotik igaro da, baina Mutriku eta Deba arteko kostaldeko lanak tarteko, ibilbidea aldatzea erabaki dute antolatzaileek. Txirrindulariak Lekoiztik ibiliko dira aspaldiko partez.
38. San Gregrorio Saria – IV. Asier Aranzeta memoriala lehiatuko dute domekan [ekainak 23], Berriatuan. Euskal Herriko txirrindulari talde onenetako parte hartzaileak batuko dira Berriatuko lasterketan. Antolatzaileek aurreratu dutenez, elite eta 23 urtez azpiko 150 bat txirrindularik parte hartuko dute. Lasterketa gainera, Lehendakari eta Euskaldun Sarirako puntuagarria izango da.
Gaineratu dutenez, bestelako ibilbidea izango du aurten lasterketak. Azken urteotan, lasterketa Galbaixotik igaro da, baina Mutriku eta Deba arteko kostaldeko lanak tarteko, ibilbidea aldatzea erabaki dute antolatzaileek. “Aurten Galbaixotik ez garenez igoko, aspaldiko partez, Lekoiz igo beharko dute txirrindulariek”.
Txirrindulariek 10:00etan irtengo dute Berriatuko Plazatik, eta eskualdeko errepideetatik zeharĀ 2.040 metroko desnibel positibodun 126 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute. Lehenengo bi biretan, Berriatutik irten, eta Milloiko errepidetik zehar Lekeitiorantz abiatuko dira, eta handik, kostaldeko errepidea hartuta Ondarroarantz joango dira txirrindulariak. Azken biran, Berriatuatik irten ostean, Milloi zeharkatu eta Oletatik, Aulesti aldera joango dira txirrindulariak. Lekoiz gaina igo ondoren, handik Markina-Xemeinera jaitsiko dira. Handik Lekeitiora joango dira Milloitik zehar, eta kostaldeko errepidetik Ondarroa zeharkatuta, Berriatuan amaituko dute.
Lehen txirrindulariak 13:20 aldera helmugara ailegatzea aurreikusten dute, eta denak helmugaratu ostean, sari banaketa egingo dute. Lasterketa azkarrena ez eze, eskualdeko lehenengoa, elite mailako eta 23 urtez azpiko kategorietan lehenengoa, mendiko onena eta tarteko helmugatako onena sarituko dituzte.