Sanjoanetako txupinaren eztandarako prest daude Aulestin
Gaur hasi eta martitzenera arte ospatuko dituzte San Joan jaiak aulestiarrek. Musika, bazkariak, kirola eta lehiaketak egongo dira gustu guztiak asetzeko.
Aurten ere jai giroan emango diote udari hasiera aulestiarrek. Herriko elkarteen laguntzagaz, adin eta gustu guztientzako osatu duten egitaraua prest dauka Jai Batzordeak, eta herritarrek gustuko dituzten ekimenak mantendu badituzte ere, berritasunik ere badago. Horrela, beraz, herritarrek ondo pasatzeko ez dute ezeren faltarik edukiko.
Bost egun izango dira: barikuan [ekainak 21] hasi eta martitzenera [ekainak 25] arte luzatuko dira San Joan jaiak. Lehen egunean, ume eta gazteak izango dira protagonistak. Eskolako jaiagaz hasiko dira festak, eta gazte bazkaria eta osteko jokoek girotuko dute eguerdi partea. Arratsaldean, berriz, ume eta gazteen pilota eta pala partidak jokatuko dituzte frontoian Lea Ibarra Motrollo Pelota Elkarteko pilotariek.
Iluntzeko saiheski jana ere gustuko izaten dute herritarrek. Plazan elkartuko dira ume, gazte eta nagusi, saiheskiak dastatu, kontuak esan eta jaien hasierako txupinari itxaroteko. Aulestiko Mugimendu Feministak edukiko du aurten jaien hasierako txupina botatzeko ohorea. Ohi modura, udaletxetik botako dute bolandera.
Eguna martxaz bete amaitzeko, kontzertuak egongo dira gaztetxean. Etxekalte eta Nikotina & Little Martin Selektah taldeek joko dute.
Arkupean. Jaietako ekimenik jendetsuena herri bazkaria izaten dela aitatu dute Jai Batzordekoek. Herritarrez gainera, bazkarira animatzen dira bai eta ere herritik kanpo bizi direnak. Horrela, aurten ere lagun asko itxaroten dituzte Arkupe azpian egiten duten bazkarirako. Parte hartzeko aukera, gainera, oraindik zabalik dago. Nahi duten kuadrillek udaletxean eman dezakete izena gaur eguerdira arte.
Bazkarian batuko diren denek, ez bada gehienek, paella bazkalduko dute. Izan ere, 19 urte daramatza martxan jaietako Paella Txapelketak, eta goizean prestatutako jaki goxoa dastatzen dute kuadrillek ondoren, bazkaritan. 14:30erako prest egon beharko dute paellek. Kanpaiak jota aurkezten diren paellek zigorra izango dutela ohartarazi dute antolatzaileek.
Beste alde batetik, lau sari banatuko dituzte paella onena egiten duten parte hartzaileen artean: irabazleak 110 euroko saria edukiko du, bigarrenak 90 eurokoa, hirugarrenak 60 eurokoa eta laugarrenari 25 euro emango dizkiote.
Postrea, ostera, Jai Batzordeak jarriko du, bai eta kafea ere, eta mahai tresnak ere banatuko dituzte. Trukean, kuadrilla bakoitzeko pare bat lagunen laguntza eskatu dute Jai Batzordeko kideek, goizeko mahai eta aulkien muntaian laguntzeko.
Euskal Herriko Txapelketa. Herritar bat sokatiran dabilela eta, herri kirol hori herriratu eta sanjoanetako egitarauan lekua egitea erabaki du Jai Batzordeak. Horrela, bihar, sokatiragaz hitzordua edukiko dute herritarrek Aulestiko parkean edo Iruzubi lasaigunean, 17:00etatik aurrera.
Euskal Herriko Lur Gaineko Sokatira Txapelketaren 600 kiloko mailaren lehen jardunaldia izango da, eta guztira, zazpi taldek eutsiko diote sokari: Gaztedi A, B eta Ck, Goiherrik, Akelarrek, Getxok eta Mutrikuk. Azken talde horretan ari da Unai Goitia Goitiandia aulestiarra.
Bigarren eguna dantza giroan amaitzeko aukera edukiko dute aulestiarrek. Iratazar taldeak jarriko ditu doinuak erromerian.
Sorgin dantza. Dantzak eta trikitilariak San Joan bezpera goizean eta umeen jolasak eta txokolate jana arratsaldean. Eguerdian, berriz, hirugarren adineko eta pentsiodunek bazkaria edukiko dute Iluntzarren. Jubilatuen bazkaria San Joan Bigarrena egunean egin izan ohi dute beste urte batzuetan, baina, aurten, domeka nahiago izan dute jubilatuek.
San Joan bezperak, ohi modura, ekitaldi berezia ekarriko du. Oskarbe taldearen erromerian etenaldia egin eta parkera joango dira herritarrak Aulestiko K-Tum-K batukada eta buruhandiek lagunduta, eta parkean San Joan sua piztu eta Sorgin dantza egingo dute. Sua amaituta jarrituko du erromeriak plazan.
San Joan Eguna koloretsua izaten da Aulestin. Hitzordu bi izaten dira batez ere nagusi, Ipuin Topaketako sariketa eta Sobra Txapelketa, eta zein baino zein dotoreagoak diren lore txortak osatzeko erabiltzen dituzten loreen koloreek bizitasun berezia ematen diote egunari.
Betiko moduan, meza ostean aurkeztuko dituzte sobrak, eta Ipuin Topaketaren sariak banatu ostean, antolatzaileek, Sobra Txapelketaren lehenengo hiru sari eta bigarrengo hiru sari banatuko dituzte. Aurreratu dutenez, bertoko produktuekin betetako otzarak banatuko dituzte. Bestalde, parte hartzaile guztiek edukiko dute oparitxoa.
Arratsaldean, nagusien esku pilota partiduak egongo dira frontoian, eta jaiei amaiera emateko, pintxo potea.
Ohiturak galdu barik, martitzenean, San Joan Bigarrenean, meza egongo da Murla auzoan. 12:00etan hasiko da elizkizuna.