Lekeition hasi eta Gernika-Lumon amaituko da Ikasle Abertzaleen Eskola Ibiltaria
Uztailaren 23tik 26ra egingo da Eskola Ibiltaria. Hitzaldiak, tailerrak, jolasak eta ekintza kulturalak egingo dituztela esan dute. Bonuak salgai daude.
Ikasle Abertzaleek antolatuta, Eskola Ibiltaria egingo da uztailaren 23tik 26ra. Ekimena Lekeition hasi eta Gernika-Lumon amaituko da, eta ibilbidean zehar Aulestin eta Munitibarren egingo dituzte geldialdiak. Bonuak salgai daude, Lea-Artibaiko taberna ezberdinetan; bonu osoak 20 euro balio ditu, eta egun batekoak 8 euro.
Gazte sozialisten topagunea egin eta gero, horrelako espazioek ikasle langileen auto heziketa iraultzailean ahalmen handia dutela diote. “Norabide horretan, Eskola Ibiltaria urrats bat gehiago da”, esan dute. Funtsean, uztailaren 23tik 26ra egingo den ekimena “ikasleen formakuntza edo heziketa iraultzailean eta jarrera sozialistan sakontzeko” espazioa izango dela diote. “Borroka komunitatea sendotzeko ekimen garrantzitsua ere bada. Ikasleontzat udako aisialdi errutinatik atera eta lau egun atsegin bezain aberasgarri pasatzeko aukera aproposa da”.
Lau egunetan, herrietako paisaia ederrez eta ibilaldi jasangarriez gozatzeaz gain, hitzaldiak, tailerrak, jolasak eta ekintza kulturalak egingo dituztela esan dute. “Azken egunean, ospakizunerako tartea ere hartuko dugu Gernika-Lumon”.
Egiten duten irakurketa ondokoa da: “Despolitizazioa, lehiakortasuna eta indibidualismoa nagusi den gizartean berebiziko urgentzia eta garrantzia hartzen dute proletargoaren auto heziketa iraultzailera bideratutako espazioek”. Espazio horrek egon ezean, mekanismo ideologiko dominatzaileek ikasleen bizitzaren gaineko agintea hartzen dutela diote. “Langileon potentzial iraultzailea guztiz neutralizatu eta anulatzen dute. Eta ikasleok joera horrekin bukatzeko konpromisoa hartuta daukagu. Bidearen zailtasun graduak, baina, hankak lurrean jartzera behartzen gaitu, ematen dugun urrats bakoitza irmoa izateko helburuagaz”.