Minbiziaren Aurkako Elkarteak Saturraranera ekarriko du 'Uda osasungarria' kanpaina
Martitzenean [ekainak 25] egongo dira Mutrikuko Saturraran hondartzan. Eguzkitik babesteko gomendioak emateaz gain, aurten, ohitura osasungarrien inguruko gomendioak ere emango dituzte, tailerrak eta bestelako saioak eginez.
Gipuzkoako Minbiziaren Aurkako Elkarteak Uda Osasungarria kanpaina abiatu zuen martitzenean [ekainak 18] Zarautzen, eta uztailaren 30era arte, Gipuzkoako itsasertzeko zein barrualdeko 19 herritan ibiliko dira. Mutrikuko Saturraran hondartzan martitzenean [ekainak 25] egongo da unitate mugikorra. Larruazaleko minbiziari lotuta, eguzkitik babesteko gomendioak emango dituzte. Aurten, baina, aurreko urteetan egindako kanpaina osatu nahi izan dute, eta bestelako osasun gomendioak ere eskainiko dituzte.
“Aurreko urteetan egindakoaz gain, aurten, tailer eta ekintza hezigarriak ere egingo ditugu, herritarren osasuna hobetzeko eta bizi-ohitura osasungarriak sustatzeko”. Unitate mugikorrean ondoko profesionalak egongo direla esan dute: nutrizionista bat, oftalmologo bat eta sukaldaria bat. “Profesionalek ohitura osasungarrien inguruko gomendioak eta osasun gomendioak emango dituzte”. Gainera, hondartzetan zumba saioak ere egingo dituzte, jarduera fisikoa sustatzeko, eta sukaldari profesionalek showcooking-ak egingo dituzte.
Azpimarratu dutenez, unitate mugikorrak larruazaleko minbizia prebenitzeko eguzkitik babesteak daukan garrantzia nabarmentzen jarraituko du. Hori lortzeko, eguzkitik nola babestu azaltzeko informazio panelak ipiniko dituzte. “Horrez gain, hondartzetako bozgorailuetatik prebentzioari lotutako mezuak emango dituzte”. Materiala ere banatuko dute eguzkitan modu desegokian egotearen arriskuei buruz informatzeko. “16 urtetik beherakoentzako jolas heziketa jarduerak ere eskainiko dira”. Kanpainan eguzkitako iragazkiak, fruta eta zukuak ere banatuko dituzte.
Gipuzkoako Minbiziaren Aurkako Elkarteak esan du kanpaina honetan ere boluntarioek “funtsezko zeregina” edukiko dutela. “Boluntarioen zeregina ez da bakarrik pertsonei harrera egitea edo ekintzaren helburuei buruzko informazioa ematea izango. Boluntarioek ohitura osasungarriei buruzko galdeketa bat ere egingo dute, profesionalek zalantzak argitzeko edo ezagutzak zabaltzeko”.
Aurtengo kanpaina ibiltaria Emaus Gizarte Fundazioarekin batera egingo da. “Emausek ere informazio puntu ibiltari bat edukiko du, eta hondakinak behar bezala batzeko beharraren inguruko tailerrak eskainiko dituzte”.
UNITATE MUGIKORRAREN EGUTEGIA:
- Ekainak 25: Mutriku
- Ekainak 26: Azpeitia
- Ekainak 27: Mendaro
- Uztailak 1: Zizurkil
- Uztailak 2: Hondarribia
- Uztailak 4: Eibar
- Uztailak 8: Tolosa
- Uztailak 9: Getaria
- Uztailak 10: Andoain
- Uztailak 11: Ordizia
- Uztailak 15: Eibar
- Uztailak 16: Zumaia
- Uztailak 17: Usurbil
- Uztailak 18: Azpeitia
- Uztailak 22: Legazpi
- Uztailak 23: Deba
- Uztailak 30: Orio