100 lagunetik gora batu dira Ziortza-Bolibarko Sorgin Gabean
San Joan bezpera, urtero legez, sorginen edabe magikoa edaten amaitu dute. Antolatzaileek parte hartu dutenen laguntza eskertu dute.
San Joan bezpera [ekainak 23], ohi modura, oso berezi eta magikoa izan zen ziortza-bolibartarrentzat. Anbotoko Mari, Maju, Ttartalo, Akerbeltz, lamiak, galtzagorriak, nikolasak, ipotxak, inkisidorea, begina, Basajaun, Basandere, basajaun txiki… protagonista horiekin eta gehiagorekin, 100 herritarretik gora batu ziren Sorgin Gabeko antzezpen parte hartzailean. “Aranbaltz kultur elkarteko kideok eskerrak eman nahi dizkiegu bertan parte hartu duten guztiei. Ume, heldu eta nagusiek parte hartzen dute antzezpenean, eta horri garrantzia handia ematen diogu”.
Sorgin Gabeko antzezpena amaitu, eta hilerri aurreko landan egiten zuten sutondoan dantzan eta saltoka ibili ostean, Sorgin Gabeko bigarren dantza egin zuten plazan. “Gaua polito joan zen. Eguna sorginen edabe magikoa edaten amaitu genuen”. Bien bitartean, aurrera jarraitzen dute jaiek. Martitzenean [ekainak 25] amaituko dira.