Ioana Osa eta Egoitz Zalakain hirugarren sailkatu dira Bizkaia Triathlon proban
Gustavo Rodriguez galiziarrak eta Judith Corachan katalanak irabazi zuten Bizkaia Triathlon proba. 03.59.23an amaitu zuen Rodriguezek, eta 04.33.34an Corachanek. Hamalau minutu eta 56 segundora helmugaratu zen Egoitz Zalakain Lekeitioko bizilaguna, eta Koaxi taldeko Iona Osa ondarrutarra irabazlearengandik 28 minutu eta 57 segundora.
Gustavo Rodriguez galiziarrak eta Judith Corachan katalanak irabazi zuten Bizkaia Triathlon, zapatuan [ekainak 22]. 03.59.23an amaitu zuen Rodriguezek. Sei minutu eta hiru segundora sailkatu zen Pello Osoro eibartarra, eta hamalau minutu eta 56 segundora hirugarren helmugaratu zen Egoitz Zalakain Lekeitioko bizilaguna. Corachanek, berriz, 04.33.34 marka egin zuen. Proba hasieratik zeukan abantailari ondo eutsi zion, eta harengandik 27 minutu eta 22 segundora helmugaratu zen Isabel Gomez bigarrena. Koaxi taldeko Iona Osa ondarrutarra izan da hirugarrena, irabazlearengandik 28 minutu eta 57 segundora sailkatuta.
Gernikako Duatloia lehiatutakoa da Rodriguez, eta zonaldea gustuko duela aitortu zuen: «Euskal Herriaz maiteminduta nago. Beti ondo hartzen gaituzte hemen, eta ahal dudan guztietan etortzen naiz». Igeriketan faboritorik ez izatea ondo etorri zitzaiela zehaztu zuen, eta igeriketa eremu zabala eta garbia izan dutela: «Hori eskertzen da. Orientatzeko zailtasun batzuk eduki ditugu, baina, orokorrean, ondo egon da. Bizikletaren ibilbidea ez nuen ezagutzen, baina gustatu zait».
Corachanek esan zuenez, gogotsu etorri zen proba berrira, eta emaitzagaz pozarren zegoen: «Asko gustatu zait bizi izan dugun giroa. Hasieratik proba oso polita izan da. Giro itzela egon da, eta asko eskertzen dira publikoaren animoak». Hasieratik lehenengo joanda, bere lasterketa egitea izan zuen helburu. Haren berbetan, bizikleta proba amaituta, abantaila nahikoa zeukala bazekienez, «korrika asko gozatu» zuen.
Bermeoko portuan 10:30ean uretaratu ziren gizonezkoak eta bost minutu beranduago emakumezkoak. Igeriketa proba amaituta, bizikletak hartu eta Lekeitiorantz abiatu ziren. Bueltatzean, Gernika-Lumoko Santa Anako aparkalekuan utzi zituzten bizikletak. Helmugara heldu aurretik, 21 kilometro egin zituzten korrika udalerritik. 14:30-15:00 bitartean helmugaratu ziren lehen triatletak, eta 17:30ak aldera azkenak. Handik orduerdira egin zuten sari banaketan, gizonezkoen eta emakumezkoen elite mailako lehen hiru sailkatuak saritzeaz gain, beteranoek eta herriko lehen sailkatuak ere jaso zituzten sariak.
Hain zuzen, udalerriko Urdaitri Triatloi Taldeko Josu Zabalbeaskoa izan zen herriko lehenengoa. Gustura aritu dela esan zuen: «Halako lasterketetan ez daukat esperientzia askorik, eta Gernikan izanik, ilusioz prestatu dugu. Oso pozik nago; ezin da gehiago eskatu. Giro aparta egon da, eta ibilbidea polita bezain gogorra izan da. Beraz, errepikatzeko moduan. Eta ea aurrerantzean ere proba mantentzen den».
Gogorra eta polita. Horrela deskribatu zuen triatloia Osak. Podiumean sartzea ez zuela espero aitortu zuen: «Oso gogorra izan da proba, eta beroak are gogorragoa izatea eragin du. Polita izan da, gustura aritu naiz, eta ondo antolatuta egon da. Ez nuen espero hirugarren geratzea, eta oso pozik nago». Bizikleta proba amaitzen bosgarren emakumezkoa zen, baina korrika aurrea hartu die beste biri.