Jai giroa nagusi Amallon
Jendez bete dute sanjoanek Amalloko tontorra. Xabat Galletebeitiak irabazi du lehen kopla txapelketa. Aspladiko partez Zerutxuren dantzaldia egon da meza ostean.
Asteburuko giro onari eutsita, azken txanpan sartu dira gaur [ekainak 24] Amalloko San Joan jaiak. Jendez bete egon da tontorra asteburuan, eta egun nagusiaren hitzorduari ere ez diote hutsik egin nahi izan auzotarrek ez eta ingurukoek ere. Urte askoren ostean, Zerutxu dantza taldekoen dantzaldia egon da Amallon mezaren ostean, eta ohi modura, aulki dantza eta auzotarren arteko jokoek animatu dute eguerdi partea.
Herri bazkariaren ondoren, mus eta briska txapelketak eta umeen jolasak egon dira, eta jaietako zozketagaz eman diote jaiari amaiera. Zozketako zenbaki saritua 2154 izan da; ordezkoa, berriz, 3261.
Zapatu arratsaldean [ekainak 22] hasi zituzten jaiak Amallon; Zaldi eta idi demek hartu zuten protagonismoa jaietako lehen orduetan. Berriatuko Arrialde eta Amets Usaistiren idien norgehiagoka egon zen alde batetik, eta Amalloko Belaustei eta Azkoitiako Txibilter zaldien artekoa, bestetik. Idiei dagokionez, Arrialderen idi bikotea nagusitu zen 43 untze eta erdi eta metro bat eginda. Lehia bizia egon zen parte hartzaileen artean; Usaistik 41 untze eta erdi, 5 metro eta 60 zentimetroko proba egin zuen.
Zaldien artean, etxekoa izan zen irabazlea. Belausteik 43 untze 3/4, 6 metro eta 70 zentimetro osatu zituen, eta Txibilterrek 42 untze 1/4, 5 metro eta 10 zentimetro.
Probak amaituta, bolatokia izan zen bilgunea. 45 bolarik parte hartu zuten Bizkaiko 30. Hiru Txirlo Bola Joko Txapelketako lehen hitzorduan. Jabier Osorok irabazi zuen txapelketa 7 txirlo botata, bigarren Garikoitz Rodrigez (7 txirlo), hirugarren Jose Angel Ogiza (6 txirlo) eta laugarren Mateo Guenaga (5 txirlo). Herriko lehenengoa, ostera, Urko Pagoaga izan zen.
Koplatan. Ospe handikoak izan dira Amalloko ordu txikietako bertso txapelketak, baina aurten berritasunagaz etorri dira jaiak, eta Bertso afaria eta Amalloko I. Kopla Txapelketa ospatu dute. Erantzun ona eduki du saioak, izan ere maila handiko hamar bertsolari, eskualdekoak eta kanpokoak, batu ditu lehiaketak: Aissa Intxausti eta Xabat Galletebeitia lekeitiarrak, Joseba Sololuze, Josune Aramendi, Lander Gabixola, Nahia Ibarzabal eta Nerea Ibarzabal markina-xemeindarrak, Alaia Martin oiartzuarra, Andoni Egaña zarauztarra eta Julio Soto gorritiarra. Euretako batzuk koplatan egitera ohituta egon ez arren, bikain moldatu ziren. Epaimahaia Graxi Arregik eta Ander Txakartegik osatu zuten, eta Maddi Ibaibarriagak jarri zituen gaiak.
San Juan ermitan batu ziren afaritan 104 lagun, eta saio ederragaz gozatzeko aukera eduki zuten. Hamar bertsolariak batera aritu ziren lehenengo, gero ofizioka, eta bosnakako ariketak ere osatu behar izan zituzten. Guztietatik lauk egin zuten aurrera, epaimahaiak eta publikoak hala erabakita: Andoni Egañak, Xabat Galletebeitiak, Joseba Sololuzek eta Julio Sotok. Lau bertsolariek puntu-erantzunean eta ofizioan jardun zuten, eta Galletebeitiak eta Sotok egin zuten aurrera. Gai bati erantzunez hiru minutuko koplatan gatu barik eginda, Xabat Galletebeitia izan zen garailea, eta sari modura lehenako koplariek erabiltzen zuten brusa eraman zuen Amalloko erronka lepoan brodatuta.
Aldats taldearen erromeriagaz luzatu zen gaua.