Markina-Xemeingo Zesta Punta Eskola Bizkaiko Herriarteko txapeldun
Urko Lekerikabeaskoa gernikarrak min hartu zuen azken partiduan.
Bizkaiko Herriarteko txapelak jantzi dituzte Markina-Xemeingo Zesta-Punta Eskolako pilotariek. Barikuan [ekainak 21] jokatu zuten finala Gernikaren kontra, eta Markina-Xemeingo taldearentzat izan zen garaipena.
Gernika-Lumoko Aimar Astelarrak eta Oier Diazek irabazi zuten kadete mailako finala. 30-15 irabazi zieten Markina-Xemeingo taldeko Aner Arakistain eta Luken Iriondo pilotariei. Gazte mailan, ordea, balantzak besta aldera egin zuen eta Markina-Xemeingo Alex Goitiandia eta Gorka Mugartegi gailendu ziren. 30-25 irabazi zieten Gernikako Aritz Arratibel eta Ibon Urrutxuari.
Nagusien mailan ere norgehiagoka polita espero zen Gernika-Lumoko Urko Lekerikabeaskoa eta Iñigo Unda eta Markina-Xemeingo Jokin Arbe eta Jon Mandiolaren artean, baina partida 4. tantuan zegoela min hartu zuen Lekerikabeaskoak. Pilotaren bila zihoala erori eta eskuturrean min hartu zuen. Horrela azken partida hori amaitu barik geratu, eta ohi modura, garaipena Markina-Xemeingo bikoteari eman zioten.
2-1 irabazita, beraz, Markina-Xemeinera joan ziren txapelak.