Ane Urkiri: "Jendeak sinesten du Euskal Herriak 'Gara' behar duela"
Gara-ko kazetari mutrikuarrak hitzaldia eskainiko du eguaztenean [ekainak 26], 19:00etan, Lekeitioko Azkue aretoan. Gara-ren isun ekonomikoaz ariko da.

Testuingurua azaltzen hasiko gara, egoera honetara eraman gaituen auzia ez baita gaurkoa eta etorkizun hurbilera perspektiba apur batekin begiratzea ahalbidetzen baitu. 18/98 makroprozesu politikoarekin hasten da. Garzon epaileak Euskal Herriko hainbat eragileren aurka jo zuen eta tartean zen Egin. Egin itxi eta Gara herri honen babesari esker sortu zen, baina Egin-en zorra leporatu zioten Gara-ri. Duela 15 urtetik ordainketa etendura batean egon da egunkaria, eta honek asko baldintzatu du bere ibilbidea. Ordainketa etenduran jarraitzea ezinezkoa zela komunikatu zuten 2018an, eta horregatik Gizarte Segurantzarekin akordio bat ixtea funtsezkoa ikusten zuen zuzendaritzak, bestela kolpe bakarrean 4,7 milioi euro ordaindu behar baitzituen. Azkenean, akordioa lortu da baina baldintza gogorretan. Izan ere, akordioaren unean jada aurreneko ordainketa egin behar izan zen (500.000 euro), eta uztailean hurrengoa egin behar, eta urtea bukatu aurretik hirugarren. Hau da, bi urteren buruan 3 milioi euro pasatxo ordaindu beharko ditu Gara-k. Hori azaltzen abiatuko dugu hitzaldia. Egoera gogorra delako –zorra leporatu bai, baina ondasunak erabiltzea galarazi dute urte guzti hauetan, Egin-en egoitza guztiz hondatzeraino– baina aurrera atera behar den proiektua dela sinisten dugulako. Horretarako, harpidetzen kanpainarekin abiatu ginen, komunitate sendo bat lortzeko asmoz, etorkizuna horren esku egongo baita. 10.000 harpidetza lortzeko helburua jarri zen hasieran eta horregatik, hain zuzen, hitzaldiaren puntu garrantzitsuena harpidetzak lortzeko funtzionamendua da.
– Herritarrak Gara-ren aldeko kanpainak egiten ari dira. Nola baloratzen dituzue herri kanpaina horiek?
Herritarrek osaturiko lan-taldeak dira kanpainaren giltzarri. Herri bakoitzean bildu diren pertsonak arduratzen dira herri-eskualde horretan harpidetza gehiago lortzen; izan taberna, udal-gune edo norbanakoa. Jada kanpaina hau bukatzear dago eta Euskal Herriko hainbat txokotan lan-taldeak osatu direla ikustea izugarrizko hauspoa da. Herri asko aktibatu dira Gara-ren alde, jendeak sinesten du Gara-Naiz bezalako hedabide bat beharrezkoa dela gure herrian eta horrek kazetari bati asko betetzen du. Kanpaina bat abiatu da, baina kanpaina horren bultzada jendarteak eman du.
– Erantzuna nolakoa ari da izaten?
Orokorrean ondo funtzionatzen ari dela iruditzen zaigu. Esan bezala, jendeak sinesten du Euskal Herriak behar duela Gara. Gainera, Illunben eginiko elkartasun-jaialdian bertatik bertara sentitu ahal izan genuen hedabide batenganako babesa eta alde horretatik oso eskertuta gaude euskal jendarteari. Bestalde, Artea Gara kanpainak ere ondo funtzionatu zuen, inoiz baino egunkari gehiago saldu ziren eta horretarako arrazoi nagusia elkartasuna izan zen.
– Zer da herritarrei eskatzen diezuena?