Diru bilketa egingo dute Ondarroan, 2009ko Antzar Egunean atxilotutakoei isunak ordaintzen laguntzeko
Endika A. Garalde ondarrutarra 2009an atxilotu zutenetako bat da. Orain 13.573 euroko isuna ordaintzera behartzen duen jakinarazpena ailegatu zaio. Zapato Azule jaian diru bilketa egingo dute.
Endika A. Garalde ondarrutarrari eta 2009ko Antzar Egunean Lekeition atxilotu eta auzipetutakoei isunak ezarri dizkiete Espainiako Auzitegi Nazionalean. Liskarretan atxilotutako ondarrutarrari 13.573 euroko isuna ordaintzera behartzen duen jakinarazpena ailegatu zaio, eta Ondarroatik elkartasun deialdia egin dute.
Isuna ordaindu ahal izateko, zapatuan [ekainak 29] Ondarroan egingo den Zapatu Azule jaian diru bilketa egingo dutela aurreratu dute. “Zapato Azulean salduko diren zozketako txartelak erostera, eta gauean Plaza Musikan denok ogitartekoa jatera gonbidatu nahi zaituztegu”. Eta auzia “muntaia politikoa” dela salatu dute. “Denon ardura da muntaia polizial hau salatu, eta gure herritarrari eta gainontzeko beste auzipetuei gure babesa erakutsi, eta herri modura konpromisoa eta erantzuna ematea. Bihar, zeu, zeure semea edo alaba edo maite duzun edozein pertsona izan daitekela kaltetua”.
2009ko irailean 6an, goizaldean, gazteen eta ertzainen artean istilu handiak egon ziren Lekeition. Ertzaintzak bederatzi lagun atxilotu zituen, tartean, ondarrutar gaztea. Liskarretan, gainera, zazpi zauritu egon ziren ertzainak pilotakadekin gogor oldartu ostean. Hiru urte beranduago, 2012an, Lekeition atxilotuetako zazpi Madrilgo Auzitegi Nazionalean epaitu zituzten, “terrorismo delitua egitea egotzita”. Fiskaltzak 2 eta 3 urte bitarteko kartzela zigorrak eta 95.010,98 euroko isunak eskatu zituen.
2009ko Antzar Eguneko irudiak: