Eva Eizagirrek eta Nora Beristainek irabazi dute Mutrikuko malenetako kartel lehiaketa
Sari banaketa ekitaldia Santixo Egunean (uztailaren 25ean) egingo dute, Pintura lehiaketako sari banaketa ekitaldiarekin bat eginda.
Joseba Palenzuela alkateak eta Ainhize Azpiazu zinegotziak 2019 urteko Malenak iragartzeko kartelak aurkeztu dituzte udaletxeko areto nagusian egileekin batera. Antolatzaileek agertu dutenez, aurten beste urte batzuetan baino parte hartze txikiagoa egon da. Kartel lehiaketako irabazleak Arte Eskolako kideek aukeratu dituzte, ohi moduan. Sari banaketa ekitaldia Santixo Egunean (uztailaren 25ean) egingo dute, Pintura lehiaketako sari banaketa ekitaldiarekin bat eginda.
Malen jaien egitaraua aurkeztuko duen kartel nagusia Barry Burlire modura sinatzen duen Eva Eizagirre Urkiola ondarrutarrak egin du. Lehiaketan askotan parte hartu badu ere, estreinako irabazi du lehiaketa; egunero ateratzen duen argazki batekin irabazi du 300 euroko sari nagusia.
Malenetako Umeen Eguna aurkezteko kartela, berriz, Nora Beristain Erzilbengoa donostiarrak egin du aurten ere. Donostiarrak laugarren aldiz irabazi du lehiaketa. Umeen Egunean asko ikusten diren puxika horietan zintzilik jaietako pertsonai eta elementuak marraztu ditu. Sarituak 100 euro saira jasoko du.