Plastikoari buruzko kontzientziazio kanpaina egiten ari dira Mutrikuko Saturraran hondartzan
Astebetez, plastikoari buruzko kontzientziazio kanpainan parte hartzeko aukera izango dute Saturraranera bertaratzen direnek. Gipuzkoako Minbiziaren Aurkako Elkarteko kideek larruazaleko minbiziaren aurkako prebentzioa ere landu dute hondartzan.
Emaus Gizarte Fundazioko kideek hondakinak, eta, batez ere, plastikoak modu egokian batzeari buruzko Hau ez da txantxa kontzientziazio kanpaina garatzen ari dira Mutrikuko Saturraran hondartzan ipinitako unitate mugikorren. Astebetez, domekara [ekainak 30] arte, plastikoari buruzko kontzientziazio kanpainan parte hartzeko aukera izango dute bertaratzen direnek honako ordutegian: goizetan, 11:00etatik 14:00etara, eta, arratsaldetan, 16:30etik 19:30era.
Unitate mugikorreko langileek azpimarratu dutenez, osasun arazoa ere bada, gero eta nabarmenagoa den plastikoaren kutsadura. “Itsasoko ekosistema guztietan eragiten dute plastikoak, maila guztietan. Ziurtatu denez, planktonak ere mikropastikoak irensten ditu”. Besteak beste, helduei zein haurrei zuzendutako hainbat tailer egingo dituzte.
Era berean, hondakinik ez sortzeko deia egin diete hondartzara doazenei. “Nahi duten guztiei kono antzerako edukiontzi txiki batzuk emango dizkiegu sortzen duten zaborra jaso, eta ondoren, dagokion tokira botatzeko”. Eta hondartzatik, gutxienez, hamar mikropastiko jaso eta unitate mugikorrera eramaten dituztenek, berriz, oparia izango dutela gaineratu dute. “Mikropastikoak jasotzen dituztenek erabilera bakarreko ur botilak ordezkatuko dituzten kantinplora bana jasoko dute opari”.
Gaur [ekainak 25], bestalde, Gipuzkoako Minbiziaren Aurkako Elkarteko kideek larruazaleko minbiziaren aurkako prebentzioa ere landu dute hondartzan, 10:00etatik 13:00etara. Elkarteko langileak eta boluntarioak egon dira kanpainaren berri ematen.
Eguzkiak dakartzan arriskuei buruz ohartarazteaz gain, bizi ohitura osasungarriak sustatzeko informazioa ere zabaldu dute Uda osasungarria Gipuzkoa mailako kanpainaren barruan. Horrekin lotuta, egunerokoan elikadura osasungarria eta bizitza aktiboa izatearen garrantziaz ohartarazi dituzte bertaratu diren herritarrak. “Udan ere bizi ohitura osasuntsuak edukitzea garrantzitsua da. Askotan, hori izaten baita, prebentzio neurririk eraginkorrena”.