Lekeitioko lokal hutsak berrerabiltzen ari dira aste honetan
Lekeitioko Udalak, Leartibai Garapen Agentziagaz elkarlanean eta Eusko Jaurlaritzako Merkataritza, Kontsumo eta Turismo Sailaren babesagaz, jarduerarik gabeko merkataritza lokalen erabilpena bultzatzeko plangintza garatu du.
Lokal huts batzuei erabilera ematen ari dira aste honetan Lekeition. Gamarra enparantzako espazioa Pop up store bihurtu eta Kitto Merkatari Elkarteko bazkide guztien produktuak espazio eta erakusleiho berdinean jarri dituzte, eta San Kristobal enparantzan eskualdeko ekintzaileak eta Hamen Bertokoa elikadura estrategiako informazioa eskaintzen ari dira. Horrez gain, alde zaharreko komertzio batzuetan argazki zaharrak jarri dituzte.
Hori guztiori Lekeitioko Udalak, Leartibai Garapen Agentziagaz elkarlanean eta Eusko Jaurlaritzako Merkataritza, Kontsumo eta Turismo Sailaren babesagaz, jarduerarik gabeko merkataritza lokalen erabilpena bultzatzeko garatu duen plangintzaren baitako ekintzetako bat da. Lekitton bizi, herrian erosi, danok irabazi lelopean landu duten kanpainaren bidez ekintzailetza bultzatu eta herriko lokalen kudeaketa egokia zehaztu, merkataritza espazioak hobetu, ekintzaileen beharrak asetzeko ekintzak landu eta udalaren merkataritza jarduera dinamizatu nahi dituzte.
Merkataritza sektoreko enpresen sorreran merkatariei lehen pausoak ematen laguntzeko zenbait ekintza eraman dituztela aurrera jakinarazi du udalak. “Lekeitioko lokal hutsen kokapena mapa batean ezarri da eta errolda bat osatu da, lokal horien baldintzak zehaztu dira (espazioa, jabetza, beharrak…), lokal hutsen datu basea sortu da, elkarteetako bazkideekin elkarlanerako foroa osatu da eta lokalei eman ahal zaizkien erabilera posibleak aztertu dira Lekeitioko ekintzaileak kontuan izanik, eta lokaletako berrerabilpen ekintza bateria garatu da”.
Herria bizirik mantendu eta sektoreak martxan jarraitzea nahi bada, herritarren artean kontzientzia piztea beharrezkoa dela adierazi dute.