Mutrikuko Musika Bandaren eta Flysch Organo Jaialdiaren saioa, asteburuan, Mutrikun
Mutrikuko Musika Bandak zapatuan [ekainak 29] eskainiko du kontzertua, 23:00etan, Zabiel plazan. IV. Flysch Organo Jaialdiko lehenengo emanaldia domekan [ekainak 30] izango da.
Musika eskaintza zabala egongo da asteburuan Mutrikun. Alde batetik, Mutrikuko Musika Bandak udako kontzertua eskainiko du zapatuan. Bestetik, IV. Flysch Nazioarteko Organo Jaialdiko lehenengo emanaldia egongo da, domekan.
Zinea eta Musika 2 izenburupean, bandak zapatuan [ekainak 29] 23:00etan eskainiko du emanaldia, Zabiel plazan. Emanaldiaren izenak berak dioen moduan, filmeetako soinu bandak izango dira protagonista.
Josean Pascualen zuzendaritzapean, herriko musikariek ondoko programa eskainiko dute: Music for Morricone, La vida es bella, Indiana Jones, Up, El padrino eta Piratas del Caribe.
Domekan [ekainak 30], ostera, organo emanaldiagaz gozatzeko aukera edukiko dute herritarrek Jasokundeko Andre Mariaren elizan, 20:00etan.
Paula Iragorri izango da mezzosopranoa, eta Alize Mendizabal organo jotzailea. Sarrera doan izango da.
Beste organo emanaldiak. Aurten, Flysch Nazioarteko Organo Jaialdiak bost emanaldi eskainiko ditu guztira. Mutrikuko emanaldia eta gero, hurrengo saioa Deban izango da, uztailaren 7an. Hurrengoak Getarian (uztailak 14), Zumaian (uztailak 20) eta Deban (uztailak 28) izango dira. Getariko emanaldia AFAGIren aldekoa izango dela esan dute antolatzaileek.
Mutrikun egin modura, gainerako herrietan ere parrokietan edo elizetan egingo dira kontzertuak.
Musikariei dagokienez, ondokoak ariko dira: Angel Montero eta Oscar Candendo organo jotzaileak (Deban), Eguzkilore abesbatza eta Santiago Banda (Getarian), Ana Garcia Caraballos saxofoi jotzailea eta Jose Luis Etxetxipia organo jotzailea (Zumaian).