Herriko hainbat txoko girotuko ditu 22. Zapato Azulak
Zapatuan [ekainak 29] ospatuko dute Ondarroan, 22. Zapato Azule. Jaiak Alde Zaharra eze, herriko beste eremu batzuk ere zipriztinduko ditu aurten. Frontoian eta Kafeatzean ere zer ospatua egongo da. Dinamartxetan 239 lagunek parte hartuko dute. Hemen egitaraua, iazko argazki galeria eta bideoa eta gainerako informazio guztia!!!
Egun osoan gozatzeko aukera emango duten hamaika ekimenez osatutako egitaraua prestatu dute Radixu irrati libreko kideek. Beti-betiko jaia izango baldin bada ere, aurtengoa berritasun bat edo bestegaz datorrela aurreratu dute. Azken urteetan gertatu legez, jaiak Alde Zaharra ez eze, herriko beste eremu batzuk ere zipriztinduko ditu. “Aurten, Plaza Musikako gunea frontoira zabalduko da. Ikastolak ere txosna ipiniko du Kafeatzean. Portuan, berriz, Zigor tabernaren aurrean, umeentzako puzgarriak egongo dira. Urte batzuk daramatzate umeentzako jolasak antolatzen, eta aurten egitarauan sartu ditugu”.
18:00etan zabalduko dituzte Musika Plazako eta frontoiko txosnak. Musika Plazan hainbat kontzertu egongo dira eta frontoian askotariko DJ saioez gozatzeko aukera egongo da ordu txikiak arte. 19:00etan, berriz, Kafeatzeko txosna gune berezia zabalduko dute, eta ordu horretan, azken urteotan galduta egon den euskal erromeria egingo dute. Ohi modura, Banakoarekin hasi eta Larrain dantzagaz amaituko dute erromeria. Ondorengo orduetan, eguna argitu arte, euskal musika eskainiko dute gune horretan.
Berritasun artean, Radixuko kideek zuzeneko irratsaio berezia berreskuratuko dute aurten. Zubi Zaharraren azpitik eskainiko dute zuzenekoa. 11:00etatik aurrera, jaiaren xehetasun guztien jarraipena egiten ibiliko dira. Radixu Irratikoek gogorarazi dutenez, jaiaren funtsa ekonomikoa da, irrati libreak bere egunerokoaz jarraitu ahal izateko. Hala, bihar boluntarioek egingo duten diru bilketari esker, hainbat proiektu gauzatu ahal izango ditu herriko irratiak.
Ohitura bihurtu den modura, Manuel Eluk Alaiko balkoitik bota dituen ahozko bolanderen punpadek emango diete hasiera ofiziala 22. Zapato Azulari, 12:00etan. Eta jaia lehertzeagaz batera, txosna zabalduko dute Alde Zaharrean. Ondorengo minutuetan musikaz eta giro onez beteko dira Alde Zaharra eta inguruak.
Beste behin ere, jaieguneko unerik politenetariko eta hunkigarrienetariko bat Dina Bilbao kirolariaren omenezko Dinamartxaren ailegaera izango da, 14:00ak inguruan. Ohi modura, txalo zaparrada, animo eta irrintzi artean hartuko dituzte parte hartzaileak. 147 txirrindularik egingo dute Gernika-Lumotik Ondarroarako martxa, eta 70 mendizale etorriko dira Tolosatik Ondarroara. 22 igerilarik egingo dute Mutrikutik Ondarroara itsas zeharkaldia.
Dinamartxakoei ongietorria eman ostean, betiko modura, Nekane Akarregik Radixu Irratiaren pregoia irakurriko du, eta orduan jakingo da sekretupean ondo gordeta egon den omenduaren izena ere. Kamiseta azokako sari banaketa eta erakusleiho onenaren saria eman ondoren, Txo! Antzerki Kolektiboak aurtengo omenduari buruzko esketx umoretsua eskainiko du Kalekurutzereko eskaileretan.
Edalontzi berrerabilgarriak erabiltzeko deia ere luzatu dute antolatzaileek, “kaleak ahalik eta gutxien zikintzeko”. Edalontzi urdinak txosnagune guztietan egongo dira eskuragarri euro baten truke. Era berean, herria garbi mantentzeko dei berezia ere egin dute. “Hondakinak dagozkien edukiontzietara bota, eta ibilitako edalontzia edo botila tabernara edo txosnara bueltatu mesedez”. Eguzkik ere garbi jokatzeko deia egin du, eta, bide horretatik, edukiontzi gehiago ipintzeko eskatu dio udalari.
Ondarroako emakumeen Udal Berdintasun Kontseiluak eta Radixuk elkarlanean, bestalde, Zapato Azulean egon daitezkeen eraso sexista oro salatzeko telefono zenbaki bat jarri dute erabilgarri (688 77 27 72). Zerbitzu telefoniko horren bitartez, gerta daitezkeen eraso guztiak identifikatu eta behar den neurriko erantzuna ematea ahalbidetu nahi dute. Baliabideak ezagutzen dituzten emakumeek kudeatzen dute aipatutako telefonoa 20:00etatik 08:00etara egongo da erabilgarri.
Iazko argazki galeria: