Sexu Askapenaren Nazioarteko Eguna ospatuko dute Lea-Artibain eta Mutrikun
LGTBIQ+ pertsonen eskubideak aldarrikatuko dituzte barikuan [ekainak 28]. Markina-Xemeinen lehenengoz egingo dituzte Sexu Askapenaren Nazioarteko Eguneko ekintzak.
Sexu Askapenaren Nazioarteko Eguna da barikua [ekainak 28]. Eta Lea-Artibai eta Mutrikun urtez urte gero eta ekintza gehiago antolatzen dituzte.
Zergatik ekainaren 28an? XX. mendeko 60ko hamarkadan, ohikoak ziren polizia sarekadak gay, lesbiana eta transgeneroen topaguneak ziren tabernetan. 1969ko ekainaren 28an, errebolta bat egon zen New Yorkeko Greenwich auzoko Stone Wall Inn tabernan, eta gertakari hark ekarri zuen gay, lesbiana, transexual, bisexual eta intersexualen askapen mugimenduaren sorrera. Diotenez, protestak gertatu zirenean, Over the rainbow (Ortzadarraz haratago) kanta entzuten zen, eta, horregatik, ortzadarraren koloreek osatzen dute aniztasun eta askatasun sexuala irudikatzen duen bandera.
Mugarri izandako gertaerak ikur bihurtu ziren, eta 1985ean apirilaren 28a Harrotasunaren Eguna izendatzea erabaki zuten. Gerora, beste sexualitate anitz batzuekiko aitormena, ikusgaitasuna eta aldarrikapena ere gehituz joan dira: lesbianak, transexualak, transgeneroak, bisexualak eta intersexualak.
50 urte atzera. Stonewallgo gertaera horietan oinarritu dute Ondarroako ikasleen hilabete honetan Etxelilan jarri duten erakusketa. Hezkidetza Egitasmoan unitate didaktikoa mailaz maila landu dute. Eta enpatia sustatuz, atzera begiratuta, 1969ra bidaiatu dute. Errebolta jaso dute irudietan. Gertaera horien protagonistak sartu dituzte erakusketan; haien istorioak jaso dituzte bertan. Halaber, aldarrikapenez beteta ageri dira ikasleen muralak. Pankartekin eta ortzadar koloreko banderekin batera, esaterako, familia eredu desberdinak ageri dira. Barikuan, baina, kalera aterako dute Stonewall 50 urte erakusketa. Alamedan jarriko dute ikusgai egun osoan. Ondarruko Mugimendu Feministik eta udalak Emakumeen Kontseiluan adostuta antolatu dituzte ekintzak.
Markina-Xemeinen, gauez. Barikuan ondarrutarrek klown ikuskizunaz gozatzen duten bitartean, mutrikuarrek topa egingo dute Beheko Plazan elkartuta. Eguerdian, berriz, elkarretaratzean batuko dira leku berean.
Bestalde, Markina-Xemeinen gauean egingo dituzte eguneko ekitaldiak, Arkuetan. Sexu Askapenaren Nazioarteko Egunez, lehenengoz egingo dituzte ekitaldiak aurten.
Guraso elkartearen ordezkari batek LGTBIQ+pertsonen eskubideen aldeko adierazpena irakurriz hasiko dute ekitaldia. Gaur egun, oraindik ere askotariko diskriminazioa jasaten dutela gogora ekarriko dute, pentsamoldeak aldatzeko beharra azpimarratuz. Egunetik egunera, “anitzagoa, inklusiboagoa, berdinzaleagoa, toleranteagoa eta askeagoa” izango den Markina-Xemein baten eraikuntzan lanean jarraitzeko aldarria zabalduko dute. Jarraian, Harrotasunaren Nazioarteko Egunaren harira udalak antolatu duen argazki lehiaketaren irabazlea zein izan den esango dute. Hain zuzen, aniztasuna, tolerantzia, elkartasuna, poztasuna eta laguntasuna bezalako baloreak hobetoen islatzen dituen irudiaren egilea 100 eurogaz sarituko dute.
Gainera, eskualdeotako beste hainbat herritan azken urteetan egin moduan, Markina-Xemeinen ere ortzadar kolorez bete dute herriko jarleku bat. Gaztelekuko gazteeek dotore jarri dute Bizenta Mogel parkeko bankua. Udal ordezkariek bertan argazki bat atera eta lehiaketan parte hartzera animatu dituzte herritarrak.
Gauean, aldiz, Arrasateko Airearen Akrobazia Elkarteko akrobata batek kolore biziz beteko ditu Arkuak. Ilunkeraren ortzadarra ikuskizunak “rolak apurtzen” dituela azaldu dute.
Lekeitioko Udalak, ostera, LGTBIQ+ pertsonen eskubideen aldeko adierazpen jarriko du udalaren webgunean eta bere sare sozialen bidez zabalduko du. Era berean, urtero legez, ortzadardun bandera eskegita egongo da udaletxeko balkoian.
EGITARAUAK:
- MARKINA-XEMEIN (ekainak 28, barikua):
- 21:00. LGTBIQ+pertsonen eskubideen aldeko adierazpenaren irakurraldia eta #LGTBIQMarkina-Xemein argazki lehiaketaren sari banaketa.
- Ostean. Aire akrobazia ikuskizuna, Arrasateko Airearen Akrobazia Elkarteko kideen eskutik: Ilunkeraren ortzadarra.
- MUTRIKU (ekainak 28, barikua):
- 12:00. Elkarretaratzea, Beheko Plazan.
- 20:00. Brindisa, Beheko Plazan.
- ONDARROA (ekainak 28, barikua):
- 18:00. Kalejira Andrabanda feministarekin Etxelilatik hasita.
- 19:00. Kontzentrazioa, Alamedan. Ondoren, Pituxa Klownaren eskutik Denok Gara + (plus) ikuskizuna.
- Egun guztian. Ekainaren hasieratik Etxelilan dagoen Stonewall 50 urte erakusketaren lanak ikusgai egongo dira Alamedan. Hezkidetza Egitasmoan ikasleek sortutako erakusketa da.