Udako arte erakusketa abiarazi du Lekeitioko Udalak
Bost artisten lanak egongo dira ikusgai Barandiaran aretoan abuztuaren 11ra bitartean.
Nahia Coelloren lana. Argazkia: Lekeitioko Udala Uda honetan ere, hainbat arte diziplinataz gozatzeko aukera eskainiko dute Lekeition. Urtero bezela, arte erakusketa antolatu du Lekeitioko Udalak, eta bost artisten lanak ikusgai egongo dira Barandiaran aretoan. Aste honetan abiarazi dute Udako Arte Erakusketa, eta abuztuaren 11ra arte egongo dira ikusgai lanak.
Astebeteko erakusketak izango dira. Barandiaranen egongo den lehenengo artista Nahia Coello Kaltzakorta izango da. Akuarela teknika erabilita sortu dituen lanak edukiko ditu ikusgai domekara [ekainak 30] arte, Izadi izeneko erakusketan. Uztailaren 9tik 14ra, berriz, Imanol Goikoetxearen Imarginados erakusketa egongo da ikusgai. Azken bi urteetan egin dituen marrazkiak jarriko ditu Barandiarango hormetan, kronologikoki, bere lanaren garapena bistaratzeko. Uztailaren 23tik 28ra hartuko du txanda Xabier Goikoetxeak. Pintura eta sua oinarri dituzten lanak erakutsiko ditu Ignis deitu duen erakusketan. Alberto Lopez Brasaolak, aldiz, olioz margotutako paisaia ezberdinak aurkeztuko ditu Lekeition, uztailaren 29tik abuztuaren 4ra. Eta, azkenik, abuztuaren 5etik 11ra, Ismaila Coly Lekeitioko bizilagunaren lan berriak ezagutzeko aukera egongo da Tempora Afrikanoa erakusketaren bidez.