Donostia Arraun Lagunak eta Santurtzi, garaile Lekeition
Oriogaz lehia estua mantendu zuen Euskotren Ligako irabazleak. Eusko Label Ligako lehen garaipena lortu du Santurtzik Lekeition.
Donostia Arraun Lagunak eta Santurtzik eraman zituzten atzo [ekainak 30] III. eta 34. El Correo ikurrinak Lekeitiotik. Emakumeen Euskotren Ligaren 2. jardunaldia eta III. El Correo ikurriña- Kutxabank Sari Nagusia lehiatu zen hasteko Lekeitioko uretan, eta gizonezkoen Eusko Label Ligaren 4. jardunaldia eta 34. El Correo Ikurriña – BBK Sari Nagusia ondoren.
Emakumezkoen Euskotren Ligako lau parte hartzaileak 2.778 metroko estropada osatu zuten, bi luze eta ziaboga bakarrarekin. 10.52.06ko denbora eginda irabazi zuen Donostia Arraun Lagunakek. Oriogaz lehia estua mantendu zuten irabazleek. Ziabogan Orio aurrean zihoan donostiarrei 4 segundoko abantaila aterata. Baina, Arraun Lagunakek luze bikaina egin zuen bueltan eta oriotarrei aurre hartu zieten. Donostiarrak amaitu zuen hirugarren eta Hondarribiak laugarren.
Lekeitioko garaipenagaz, Donostia Arraun Lagunak da Euskotren Ligako lider berria Oriogaz 7 puntutara berdinduta. Bestalde, Nadeth Agirre Orioko patroiak jarraitzen du lider Patroi Onenaren sailkapen nagusian, Nerea Perez Hondarribiako lemazainari bi puntu ateratzen dizkio.
Eusko Label Ligako lehen garaipena lortu du Santurtzik Lekeition. 12:00etan iritsi zen Eusko Label Ligaren txanda , eta 5.556 metroko luzeerako estropada lehiatu zuten parte hartzaileek, lau luze eta hiru ziabogarekin. Lehen palakadatik nagusitu zen Iker Zabalaren taldea eta 14 segundoko aldea atera zion bigarren geratu zen Oriori. Izan ere, aurreko txandako ontziek egin dituzten denbora guztiak txikitu zituzten Sotera ontzikoek, 19.39.64ko denboran osatu zuten estropada. Hondarribiak laugarren amaitu zuen 27 segundora eta Zierbena, berriz, bosgarren geratu zen 20.08.60 denbora eginda.
Bigarren txandari dagokionez, Donostiarra hasierako paladatik lehen postuan kokatu zen eta Igor Makazagaren taldeak estropada borobila burutu zuen 20.01.82 denbora eginda. Hirugarren geratu zen Donostiarra Lekeition.
Lea-Artibai eta Busturialdeko traineruei dagokionez, bigarren txandan lehiatu zuten Urdaibaik eta Ondarroak. Bigarren posturako Caboren eta Urdaibairen artean lehia estua egon zen. Azken txanpan galiziarrak bermeotarrei aurrea hartu zieten eta txandako bigarren postua eskuratu zuten. Ondarroak itxi zuen bigarren tanda 20.04.98 denbora eginda.
Lehen tandan egin zuten arraun Lekittarrak. Kaikuk nagusitasunez irabazi zuen lehen tanda 20.14.84 denbora eginez, eta zortzigarren postuan amaitu zuen. San Pedro, bigarrena, hamargarren geratu zen, eta Lekittarrak eta Astillerok, berriz, 11. eta 12. postuan amaitu zuten, hurrenez hurren.
Lekeition lortutako bigarren postuagaz Eusko Label Ligako lidertza bermatu dute oriotarrek eta Hondarribiari zazpi segundoko alde handiagoa ateratzen diote orain, sailkapen nagusian. Patroi Onenaren sariari dagokionez, Arkaitz Diaz Donostiarrako patroiak berreskuratu du lidergoa, eta orain, Iñaki Goikoetxea Lekittarrako lemazainari bi puntuko aldea ateratzen dio.
Norgahiagoka Galiziara abiatuko da datorren asteburuan, gizonezkoetan III. Cidade da Coruña Bandera jokatuko da, eta emakumezkoetan, berriz, II. Cidade da Coruña Bandera.