Lehendakariak harrera egin die Ondarroako Galizia Etxeko kideei
Bilera Lehendakaritzan egin dute, Ondarroako Galizia Etxearen 50. urteurrenaren harira. Armindo Peso elkarteko presidentea, Puri Lopez idazkaria eta Jose Roberto Lopez Os novos mariñeiros gaitero taldearen zuzendaria egon dira Lehendakariagaz.
Iñigo Urkullu Lehendakariak, Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Poltikako sailburuagaz batera, Ondarroako Galizia Etxeko arduradunei harrera egin die gaur [uztailak 2] goizean. Bilera Lehendakaritzan egin dute, Ondarroako elkarte kulturalaren 50. urteurrenaren harira.
Ordubete inguru iraun duen bileran Armindo Peso elkarteko presidenteak, Puri Lopez idazkariak eta Jose Roberto Lopez Os novos mariñeiros gaitero taldearen zuzendariak parte hartu dute. Azaldu dutenez, Lehendakariak elkartearen funtzionamenduari buruzko hainbat galdera egin dizkiete. “Gure ibilbidearen berri galdetu digu, zenbat bazkide garen, ze ekintza kultural antolatzen ditugun… Interes handia erakutsi du”. Bileran, gainera, elkarteko presidenteak esker ona adierazteko oroigarria eman dio Lehendakariari. “Presidenteak 50. urteurreneko plaka berezia eman dio Urkulluri Galizia Etxearen izenean”.