Bizkaiko Itzuliaren bigarren etapa lehiatuko dute Markina-Xemeinen
Txirrindulariek 79,6 kilometroko ibilbidea egin beharko dute Lea-Artibai eskualdean zehar. 16:30ean irtengo dira errepidera.
Bizkaiko 25. Itzulia ailegatuko da barikuan [uztailak 5], Markina-Xemeinera. Junior mailako txirrindulari lasterketaren bigarren etapa Markina-Xemeinen hasi eta amaituko da.
Txirrindulariek 79,6 kilometroko ibilbidea egin beharko dute Lea-Artibai eskualdean zehar. Kostatik buelta emango dute lehenengo, eta Lea ibarretik ibiliko dira ondoren. Milloi (bi aldiz) eta Gontzugarai mendateak igo beharko dituzte. 16:30ean irtengo dira errepidera.
Lau etapa. Ohi modura, Balmasedako Txirrindularitza Elkarteak antolatzen duen probak lau etapa izango ditu, horietako bat sektore bikoitzarekin. GueƱesen hasiko dute eguenean [uztailak 4] norgehiagoka eta Balmasedako etapagaz amaituko da domekan [uztailak 7]. Sopelan eta Trapagaranen lehiatuko dute hirugarren etapa zapatuan [uztailak 6].
Proba, guztira, 338 kilometrokoa izango da eta 12 mendate izango ditu: bigarren mailako hiru eta hirugarren mailako hamar, Arboleda kontuan hartu barik. Bederatzi tarteko helmuga ditu, bi etapa bakoitzean, eta azken etapan hiru.
Ohikoa denez, 198 partaide egongo dira, eta aurten hurrengo taldeek parte hartuko dutela aurreikusten dute antolatzaileek: Young Cicling Team (Belgica), Barraida (Portugal), Zappi Team (Ingalaterra), HMT Academy JLT Condor (Ingalaterra) bai eta ere Espainia eta Kataluniako 19 taldek.
Euskal Herriko taldeei dagokionez, Elproex eta Electroalavesa C. C. Amurrio arabarrek parte hartuko dute, eta bizkaitarren artean, Ekin/S.C. Amorebieta, Vicinay Cadenas/A.C. Enkarterri, Loiumat/ S.C. Punta Galea, Beste Alde Orue Eskola/ S.C. DuranguesaGastronomia Baska/S.C. Valentin Uriona eta Busturialdeko Basati Bike/S.C. Busturia-Baque/Leioa Txirrintxu Elkartea daude.