Markina-Xemeingo Master Series Txapelketa lehian hasiko da asteburuan
Zapatuan final laurdenak jokatuko dira, uztailaren 14an finalaurrekoak eta finala Karmen Egunean erabakiko da. 15 tantoko bi set jokatuko dituzte final laurdenetan.
Asteburu honetan hasita, Jai Alai World Tour-eko Markina-Xemeingo Master Series Txapelketa hartuko du Markina-Xemeingo Pilotaren Unibertsitateak. Punta puntako pilotariak batuko ditu norgehiagokak. Goikoetxea, Irastorza, Erik, Aldazabal, Hormaetxea, Olharan, Inza, Aimar, Barandika, Salegi, Lekerika eta Arbe herriko pilotaria ere ikusteko aukera eskainiko die txapelketak zesta-punta zaleei.
Zapatuan (uztailak 6] final laurdenak jokatuko dira, uztailaren 14an, finalaurrekoak eta finala uztailaren 16an, Karmen Egunean, erabakiko da.
15 tantoko bi set jokatuko dituzte zapatuko final laurdenetan, eta 22:00etan ekingo diote lehen partiduari. Lehen partida Barandika-Salegi eta Arbe-Lekerikaren artekoa izango da; bigarrena, berriz, Hormaetxea-Aimar eta Olharan-Inza bikoteen artekoa.
Zapatuko irabazleek uztailaren 14an, 18:00etan jokatuko diren finalaurrekoetarako txartela eskuratuko dute. Lehen partiduko irabzleek Erik eta Irastorzarekin neurtu beharko dituzte indarrak, bigarren partiduko irabazleek berriz, Goikoetxea eta Aldazabal izango dituzte aurkari.
Karmen Eguneko finala ere 18:00etan hasiko da. Markina-Xemeingo Zesta-Punta Eskolako pilotariek Dania Jai Alaikoen kontra jokatuko dute hasteko, eta ondoren erabakiko da zein den 2019ko Markina-Xemeingo Master Series Txapelketako bikote irabazlea.
Elorrioren Memoriala. Bestalde, barikuan [uztailak 5] jokatuko dira Victor Bereikua Elorrio pilotariaren omenezko lehen memorialaren finalaurrekoak, 19:00etan hasita. EƱaut-Iriondo eta Zelaia-Alain bikoteek jokatuko dute gazte mailako finalaurrekoa, nagusien mailako norgehiagoka Alex-Danel eta Urrejola-Unda bikoteen artekoa izango da, eta, azkenik, elite mailan, Cosme-Manzi eta Gaizka-Ibarluzea neurtuko dira.
Finala uztailaren 20an izango da, 19:00etan. Finalean egongo dira memorialeko ligaxkan lehen postuan geratuta zuzeneko pasea eskuratu duten bikoteak eta barikuko partiduak irabazten dituztenak. Jadanik finalean dauden bikoteak hauek dira: gazte mailan, Arakis-Oier; nagusien mailan, Aaron-Atain II; eta elite mailan, Hormaetxea-Etxeba.
Karmenetako txapelketa. Markina-Xemeingo Zesta-Punta Eskolak urtero antolatzen duen Karmen Saria txapelketako bosgarren jardunaldia ere jokatuko da zapatuan [uztailak 5]. Umetxo, ume eta txikien kategorietako 18 aurrelarik eta 18 atzelarik parte hartuko dute 16:00etan jokatzen hasiko diren kinieletan. Kategoria bakoitzean lehenengo geratzen diren hiru aurrelariek eta hiru atzelariek jokatuko dituzte finalak uztailaren 15ean.