Dantzek alaitu dituzte Markina-Xemeingo San Martin auzoko jaiak
Epaimahaiak hala erabakita, Katerin Artola eta Iker Belintxon (Oiartzun-Lezo) izan ziren domekan, San Martingo dantzaririk onenak.
Urtero legez, San Martin kofradiak antolatuta, egun osoko jaia egon zen domekan [uztailak 7] Martin Deunaren ermitaren ondoan. Mezagaz hasi ziren jaiak, eta ohi duten moduan, aurreskua dantzatu zuten ondoren auzokoek eta herritarrek, eta Luis Egurrola Markina-Xemeingo alkatea ere atera zuten dantzara.
Dantzarekin jarraitu zuen goizak. Azken urteetan bezala, dantza solte txapelketa lehiatu zen ondoren. Zortzi bikote igo dira aurten, San Martin auzoko oholtza gainera, eta beti bezala erakustaldi ikusgarria eskaini zuten. Epaimahaia hiru adituk osatu zuten: Sestaoko Carlos de las Herasek eta Lezoko Nahikari Vizuetek eta Rafa Salaberriak. Idazkari lanetan, berriz, Esti Iturriak jardun zuen. Mirari eta Zaloa trikitilariek jarri zioten doinua lehiaketari, eta zortzi bikoteek fandangoa eta arin-arina dantzatu behar izan zituzten.
Epaimahaiak hala erabakita, Katerin Artola eta Iker Belintxon (Oiartzun-Lezo) izan ziren domekan, San Martingo dantzaririk onenak, eta irabazleari dagozkien txapela, zapia eta 300 euro jaso zituzten. Bigarren egin zuten Maren Galvezek eta Gorka Granadok (Lezo-Sopela), eta hirugarren sailkatu ziren German Aranburu eta Eneko Sarasua (Azpeitia-Azkoitia).
Sumiñako paella. Dantzariek dantzan egin bitartean, lanean ibili ziren kuadrillak, paellak prestatzen. Bost paella aurkeztu ziren txapelketara eta sari nagusia Sumiñako Paellak eraman zuen. Akodako paella izan zen bigarren onena eta hirugarren San Martingoa geratu zen.
Bazkalostean ere ez zen girorik falta izan ermitaren ondoan. Umeen jolasak eta Herribixiren ikuskizunagaz gozatzeko aukera egon zen alde batetik, eta mus eta briska jokoetan aritu ziren beste asko.