Irailaren 28an lehiatuko da IV. Ondarru-Lekitto Kostaldeko Lasterketa
Gaur goizean egin du lasterketaren aurkezpena Lekeitioko Tximista atletismo taldeak. Lea-Artibaiko alkate, enpresa eta erakundeetako ordezkariak batu ditu ekimenak. Lasterketan parte hartzeko izen emotea zabalik dago.
Lea-Artibain dagoen paraje ederrenetariko batetik igaroko dira berriro ere, Ondarru-Lekitto lasterketako parte hartzaileak irailaren 28an. Gaur [uztailak 9] goizean aurkeztu du IV. Kostaldeko Lasterketa Lekeitioko Tximista atletismo taldeak. Tximistako kideez gainera Etxebarriko Antsotegi hotelean egindako aurkezpenean elkartu dira Zunbeltz Bedialauneta Ondarroako alkatea, Koldo Goitia Lekeitioko alkatea eta Eneko Atxa zinegotzia, Jesus Iriondo Etxebarriko alkatea, Pedro Zenigaonaindia Mendexako alkatea, Jone Antsotegi Aulestiko alkatea, Luis Egurrola Markina-Xemeingo alkatea, Rakel Elu Lea-Artibai Amankomunazgoko lehendakaria, IƱigo Arrieta Eika kooperatibako presidentea eta Lide Azkue joan den urteko lasterketako lehen emakumezkoa.
Lea-Artibai mailako zer edo zer berezia egin nahirik kostaldeko lasterketa antolatzea erabaki zuen Tximistak orain dela lau urte. “Atletismo talde bat garenez, lasterketa bat antolatzea pentsatu genuen Ondarrutik eta Lekeitiora. Gure helburua eskualdeagaz lotuta zegoen lasterketa bat antolatzea zen, herriak elkartuz eta gure artean dauden paraje ederretariko batetik igarota, parajea erakutsi asmoz”, azaldu dute. Laugarren lasterketa izango da aurtengoa, eta lasterketa kontsolidatu eta Federazioaren eta korrikalarien urteroko egutegian egotea lortu nahi dute orain.
Korrikalariek osatu beharreko ibilbidea aurreko urteetako berbera izango da, guztira 16 kilometro. Ondarroako Itsasaurretik irten, pare bat kilometro herri barruan egin eta Mendexa eta Berriatuko errepidean zehar Lekeitiora abiatuko dira korrikalariak, eta Lekeitio barruan beste kilometro eta erdi egingo dituzte partaideek plazako helmugara arte.
Izena emateko aukera zabalik dago herrikrosaren webgunean, eta irailaren 26an amaituko da, eta azpimarratu dutenez, lasterketa egunean eta bezperan ezin izango da izenik eman.
Hasiera ordua iazkoa ipiniko dutela jakitera eman dute Tximistakoek. Gogora ekarri dutenez, iaz kanpoko arazo batzuk zirela eta, aurreko urteetako ordutegia atzeratu egin behar izan zuten ordu erdi. “Batez ere korrikalariek, eskertu egin ziguten horrela egitea, hobeto dela berotasun gutxiago dagoelako, eta, beraz, 17:30ean irtengo dute partaideek Itsasaurretik”.
Batez ere segurtasun neurriak direla eta, lehen urtean ezarritako 400 laguneko gehienezko kopurua mantenduko dute. “Ez dugu uste kopuru horretara iritsiko garenik, baina aurrerantzerako ere hor gelditzen da”.
Urtero modura, autobus zerbitzua eskainiko dute Ondarroatik Lekeitiora, bai lasterketa hasi auretik handik datozenentzako bai eta lasterketa ondoren partaideak Ondarroara itzuli ahal izateko. Horrez gain, maleta gordeleku zerbitzua ere egongo da, bai Lekeition bai eta Ondarroan ere. Bestalde, parte hartzaileek hornidura edukiko dute bidean zehar. ” 5. kilometroan eta 10. kilometroan likidoa emango da, eta, gero, helmugan, solido, likido bai eta parte hartzaile bakoitzarentzako kamiseta bat ere bai”. Dutxatzeko aukera ere egongo dela aurreratu dute.
Sariak. Aurreko urteetan bezala, sariak egongo dira lehenengo sailkatzen diren hiru neska eta hiru mutilentzat. Lea-Artibai mailako sariak ere banatuko dituzte, lehenengo hiru neska eta hiru mutilentzat, eta iaz lehen urtez egin modura, taldekako sari bereziak ere emango dituzte. “Herri berdineko lehenengo sartzen diren lau neskak edota lau mutilek edukiko dute 200 euroko sari bat euren artean banatzeko”.
Izena emateko aukera zabalik dago herrikrosaren webgunean, eta irailaren 26an amaituko da, eta azpimarratu dutenez, lasterketa egunean eta bezperan ezin izango da izenik eman. “Momentu honetan hamalau lagun daude izena emanda, euren artean iazko emakumeen arteko irabazlea eta mutiletako irabazlea bai eta nesketan orain arteko markarik hoberena daukan partaidea ere”.
Tximistakoek azaldu dutenez, 100 bat lagunek parte hartzen dute lasterketaren antolakuntzan. “Bidegurutzeetan, bizikletekin, motorrekin, kontsignan… talde lan handi bat dago ekintza honen atzean eta ahaleginik eta handiena egiten dugu dena ondo irtetzeko”.
Iaz 196 parte hartzaile izan zituen lasterketak, aurreko urteko kopuru bera: 156 gizonezko eta 40 emakume. Lide Azkue Markina-Xemeingo bizilaguna (1.08.40) eta Baionako Pierre Urruti (0.52.19) izan ziren lasterketako irabazleak, eta Lea-Artibaiko lehen gizonezkoa Ibon San Miguel izan zen.