Saharar errefuxiatuen kanpamentuetatik datozen umeei ongietorria egingo diete Ondarroan
Ongietorri ekitaldia barikuan [uztailak 12] egingo dute, 13:30ean, Kalekurutzeko eskaileretan. Oporrak Bakean programari esker, lau umek bestelako esperientzia bizitzeko aukera izango dute udan Ondarroan.
Yaalah elkartearen ekimenez, Tindufeko saharar errefuxiatuen kanpalekuetatik Ondarroara uda pasatzera datozen ume saharrarei ongietorri ekitaldia egingo diete barikuan [uztailak 12], 13:30ean, Kalekurutzeko eskaileretan. Elkarteko kideek baieztatu dutenez, ume sahararrekin beteta datorren hurrengo hegazkina barikuan ailegatuko da Loiuko aireportura, Euskal Herrira datozen beste hainbat umeekin batera. “Esperientzia errepikatuko duten umeak ekainaren 24an ailegatu ziren gurera, baina estreinako datozenak barikuan ailegatuko dira. Aurten arazoren bat egon da, eta estreinako datozenak beranduago datoz. Denei batera egingo diegu ongietorria”.
Aurten lau ume datoz uda pasatzera. Aurreratu dutenez, Fardik eta Ahmed Babak esperientzia bigarrenez errepikatuko dute iazko harrera familiekin. Hurria eta Lamat, berriz, estreinako datoz Ondarroara. Oporrak Bakean programari esker, bestelako esperientzia bizitzeko aukera izango dute abuztuaren bukaera arte. Azpimarratu dutenez, ohikoa den modura harrera xume bat egingo diete ume sahararrei zein haien harrera familiei. Ekitaldian gainera, udal ordezkariek ere parte hartuko dute.