Berriatuko Madalenako ermita eta inguruak behin eta berriz hondatzen dituztela salatu dute
Iazko kalteak handiak izan zirela diote. “Ermita barruan Maria Madalenaren irudia hondatu eta gurutzea erre zuten. Ermita ondoko etxera eta txokora ere sartu ziren", esan dute auzotarrek.
Salaketa Madalena auzoko bizilagunek egin dute. Izan ere, iaz, Madalena auzoko jaiak ospatu eta gero, abuztu hasieran ermita, alboko etxea eta txokoa erasotu zituzten. “Ermita barruan Maria Madalenaren irudia hondatu eta gurutzea erre zuten. Ermita ondoko etxera eta txokora ere sartu ziren, eta han ere gauza asko hondatu zituzten”. Auzotarrek diote ez dela gertaera isolatu bat, behin baino gehiagotan pasa izan dela.
Iazko kalteak handiak izan zirela diote. “Ertzainetara joan ginen, eta salaketa ere jarri genuen. Baina konponketa guztiak gure kontura egiten ditugu. Ez dakigu zer gertatzen den gure auzoagaz, baina behin baino gehiagotan egin dizkigute horrelakoak”, diote auzotarrek. Gainera, azaldu dutenez, ermitan dagoen ur putzua ere hondatu egin zuten. “Jendeak zapiak jartzen ditu putzuaren inguruan. 300 zapi baino gehiago zeuden ondo-ondo ipinita. Txikizioa egin zutenek zapiak erre zituzten, eta putzua eta inguruak ere txiki-txiki eginda utzi zituzten”.
Duela 45 urte inguru, ermita erre egin zutela ere azaldu dute. “Orduan, Mikel Lertxundi herriko artistak gurutze berri bat eta hainbat irudi egin zituen”. Eta hain justu iaz erretako gurutzea eta hondatutako irudia Lertxundik egindakoak zirela esan dute. “Berriro Lertxundirengana jo genuen, eta Maria Madalenaren irudia konpontzea lortu du. Gurutzea, baina, ezin izan du konpondu, eta berria egin du”. Auzotarrek bihotzez eskertu nahi izan dute Lertxundiren lana. Iazko kalteak konpontzeko, auzotarrak elkarlanean lan egiten dute, eta Mikel Lertxundi herriko artistari aipamen berezia egin nahi izan diote.
Orain, berriro ere jaiak ospatzear daudela eta, salaketa publiko egitea erabaki dute. “Iazkoa eta gero, ‘aski da’ diogu. Eta herritarrei eskatzen diegu errespetuz jokatzeko”. Pasatutakoak pasatuta, auzotarrak zapatuan [uztailak 13] batuko dira ermita eta inguruak aurtengo jaietarako atontzeko. Herritarrek, beraz, Madalena itxuroso aurkituko dute, eta Lertxundik berriztatutako Maria Madalenaren irudia eta gurutze berria ikusteko aukera edukiko dute.
ARGAZKIAK (iaz nola utzi zuten ermita eta inguruak). Mari Jose Barinagarrementeria Idoetaren argazkiak: