Irati Brabo eta Igor Telleria: «Txosnek eskaintzen duten onena bertako giroa da»
Markina-Xemeingo Txosna Batzordeak egitarau berezia prestatu du herriko jaiak ospatzeko. Martitzenera bitartean egongo dira ekintzak, urtero modura, Zelaiaren beheko partean kokatu duten gunean.
Domekan [uztailak 7] hasi zen Markina-Xemeingo Txosna Batzordea txosna gunearen muntaiagaz, eta azken ikutuak emanda, eguenean [uztailak 11] abiaraziko dute jaiak giro ederrean igarotzeko proposamenekin bete duten egitaraua. Aurten kontzertu gaua ere egongo dela azaldu dute Irati Brabo Bereinkua (Markina-Xemein, 1991) eta Igor Telleria Egia (Markina-Xemein, 1999) batzordeko kideek.
Iaztik hona, ze berrikuntza dituzue?
Irati Bravo: Azken urteetan egitarauak oso ondo funtzionatu du eta ekimen gehienak errepikatu egingo ditugu. Hala ere, aurten txosnetako kontzertu gaua ere antolatu dugu, astelehenerako.
Igor Telleria: Buruan askotan izan dugun ideia da, baina normalean jaietako egun kopuruak mugatu egiten gaitu. Aurten egun bat gehiago daukagunez, primeran etorri zaigu ideia berri hau egitarauan txertatzeko.
Zer eskainiko dute Txosnek aurten? Ekimen indartsuenak zeintzuk dira?
I.B.: Gunea da eskaintzen den ederrena, jaiak gozamenetik baina herrigintza presente izanda bizi izateko lekua. Ekimenak garrantzitsuak dira, baina txosnek eskaintzen duten onena bertako giroa da, danok elkarrekin giro ederrean jaiekin modu on batean disfrutatzeko.
I.T.: Ekimen guztiak dira guretzako garrantzitsuak, baina azpimarratzekoak dira txosnetako afaria, azken urteetan txartel guztiak agortu izan direna, eta osteko Bertsio Gaua. DJ Bull eta DJ Turtukiña ere egongo dira, barikuan eta zapatuan. Bestetik, lehen esan dugun moduan, astelehenean egingo den kontzertuen gauari ere indarra eman nahi diogu. Azkenik, martitzenean Naroaren kontzertua egongo da, eta ziur gaude sekulakoa izango dela.
Txosnetako afaria jendetsua izaten da. Zenbat jende espero duzue?
I.T.: Bai, zorionez itzelezko arrakasta dauka. Hori dela eta, urte batean muga jarri behar izan zen eta urtero betetzen da zehaztutako kopuru hori. Beraz, aurreikuspenak beti betetzen ditu ekimen honek. Gainera, ez da afari soil bat, beti egiten dugu bertoko produktuekin tokiko garapena bultzatzea ere gure ardatzetako bat delako.
Txosna Batzordeak azken urteetan berdintasunari begirako lanketa handia egin du. Aurten ezer berezirik egin da arlo horretan? Jaixetan erasorik ez! manifestazio zaratatsuak hartuko ditu kaleak berriro ere. Ezinbesteko ekimena bihurtu da?
I.B.: Urteak daramatzagu Txosna Batzordea osatzen duten taldekideekin zein kanpora begira feminismotik lanean. Ahalegintzen gara etengabe betaurreko moreak jantzita izaten, gauza txikienetatik handienetara: txosnetan jartzen den musika, barran dauzkagun jarrerak, muntaian hartzen diren rolak, egitaraua osatzeko orduan hartzeko erabakiak… Denean da beharrezkoa begirada feminista. Erasoei dagokienean, orain dela urte batzuk erasoen kontrako protokoloa jarri genuen martxan txosnetan. Kide guztiei jakinarazten zaie, eta iaz adibidez, lanketa berezia ere egin zen jarreren inguruan. Manifestazioa Bagaittun talde feministak deitzen du. Gaur egungo egoera ikusita beharrezkotzat jotzen dugu prebentzioa, eta jaiak hasi aurretik egiten dugu emakumeen saretze eta ahalduntzeari begira, eta prebentzio modura. Beraz, gauzak aldatu ezean, beharrezkoa den ekimena bihurtu da gure egitarauan.
Herri lana izaten da txosnetakoa. Nola moldatu zarete aurten? Jende berriaren premia badago?
I.T.: Borondatezko lana da gure oinarria. Bai, herri lana, askotan gainera, ikusten ez dena. Jaiak astebete izan arren, hau lortzeko urte osoan ari da jendea lanean, bai taldeetan, baita txosna batzordean ere. Honetan sinesten dugulako egiten dugu hau, bestelako mundu batean sinesten dugulako.
I.B.: Jende berriari dagokionez, aurten aldaketa handia egon da txosnetan: herri mugimendu desberdinetako gazte asko sartu da, indartsu eta gogotsu, eta horrek urteetan dabiltzanei ere indarra biderkatu die. Urte batzuk pasa dira errelebo gutxi sartu dela, eta aurten etorri da. Oso pozik gaude alde horretatik, eta seguru gaude taldeei zein txosna batzordeari ere haize eta indar berria ekarriko diola.
Azken urteetako egitura bera mantenduko du txosna guneak?
I.T.: Bai. Azken urteetan gunea berdina da: karpa handia eta txikia jartzen dira, oholtza egoten da, barra, eta afarien gunea.
I.B.: Oso ondo baloratu izan da karpa, aukera asko eskaintzen ditu eta taldeetako kideak harremanak egiteko orduan ere lotura gehiago sortzen dira. Talde lanean emaitza hobeak lortzen dira beti!
Zelan gonbidatuko zenituzkete herritarrak txosnetara?
I.B.: Itzelezko giroa egoten da eta ondo pasatzeaz gain, herriaren alde egiteko aukera ere bada. Herriko taldeei bultzada ematekoa, balore batzuen alde egitekoa.
I.T.: Horregatik, eta batez ere, jaietan hobeto pasatzeko aukera ematen dutelako. Itzela izango da, eta zuekin, hobeto pasatuko dugu! Geure txandie da!