Bizkaiko Txapelketa lehiatuko dute Emakumeen III. Berritxu Sarian
Lasterketa domekan [uztailak 14] izango da. Kadeteak 09:30ean hasiko dira pedalei eragiten, eta 42 kilometroko ibilbidea izango dute aurretik. Junior, 23 urtez azpiko eta elite mailakoek, aldiz, 75 kilometro egin beharko dituzte 11:30ean hasita.
Emakumeen III. Berritxu Saria txirrindulari lasterketa lehiatuko dute domekan [uztailaren 14a] kadete, junior, 23 urtez azpiko eta elite mailetan. Emakumeen Euskaldun Txapelketaren barruan dagoen proba da, eta gainera, Bizkaiko Txapelketa izango da.
09:30ean hasiko dira kadeteak pedalei eragiten Berriatuan bertan, eta Ondarroara joan-etorria egin beharko dute Milloi gainetik igarota. Guztira 42 kilometro.
Junior, 23 urtez azpiko eta elite mailako txirrindulariek, aldiz, 11:30ean ekingo diote lasterketari, eta 75 kilometroko ibilbidea egin beharko dute. Berriatuan hasi eta Ondarroara joango dira, Milloi gaina igo eta Lekeitiora jaitsi ostean berriz irteera puntura iristeko. Bi itzuli emango dizkiote ibilbideari.
Gaur gaurkoz, Berritxu Sarian parte hartuko duten txirrindularien kopurua ez dago zehaztuta, izan ere, egunean bertan emango dute ezagutzara. Hala ere, probaren antolatzaileek ziurtatu dute Euskal Herri mailako talderik onenak izango direla Bizkaiko txapelketako irteeran, Bizkaia-Durango taldea besteak beste. Berriatuako Udane Bilbao txirrindularia izango da herriko kirolari bakarra, kadete mailan lehiatuko da.
Sariak. Lau kategorietako txapeldunak sarituko dituzte antolatzaileek, baita talderik onenak ere. Milloi gainean puntu gehien lortzen dituen txirrindulariak mendiko saria eskuratuko du, eta lasterketa Berriatuatik igarotzen den bakoitzean tarteko-helmugan puntuak pilatuko dituzte.