‘Kantauri itsasoko aniztasuna’ erakusketa, Mutrikuko Zabielen
Erakusketa Xabier Mina itsas biologoak eta Mutrikuko Kardala akuakultura eskolak antolatuta dago, eta domekara arte [uztailak 14] dago ikusgai.
Erakusketa tamaina ezberdinetako 17 argazkiz eta ikus-entzunezkoz osatua dago. Zehatz esanda, bost bat minutuko bi bideo ikusi daitezke. «Bata egunez grabatutakoa da, eta bestea gauez», esan dute akuakultura eskolako kideek.
Argazki gehienak Mutrikun ateratakoak badira ere, Elantxoben eta Getarian ateratako batzuk ere badaude. «Argazkietan zein bideotan Mutriku eta inguruetako itsaso hondoko hainbat bizidun agertzen dira: olagarroak, izarrak, itsas zapoa, morena, karabela portugea, marmokak, anemonak, arrain sardeak, txibiak, kabrak, itsas karakolilloak…».
Mina Kardala eskolako irakaslea izan zen, eta hortik antolatu dute elkarlanean erakusketa. Ordutegiari dagokionez, barikuan [uztailak 12] 18:00etatik 20:00etara egongo da ikusgai, eta zapatu-domekan 12:00etatik 14:00etara.